
Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioak neurri berri bat jarri du abian, online joko-plataformen erabiltzaileen segurtasuna indartzeko eta nortasun-ordezkapen kasuak prebenitzeko. 2026ko urriaren 28tik aurrera, estatuko lizentzia duten online joko-operadoreek egiaztatu behar dute joko-kontuaren titularra eta erabilitako ordainketa-bidearen titularra pertsona bera direla.
813/2026 Errege Dekretuan jasotako betebehar horren helburua da hirugarren pertsonek besteen datu pertsonalak edo ordainketa-bideak erabiltzea saihestea, Internet bidezko joko-plataformetan diru-sarrerak egiteko eta sariak kobratzeko.
Neurri hori sektore honetan hautemandako nortasun-ordezkapen kasuen gorakadari erantzuteko hartu da. Ministerioaren datuen arabera, 2025ean 8.675 salaketa erregistratu ziren arrazoi horrengatik, aurreko urtean baino % 12 gehiago.
Ikerketek agerian utzi dute iruzurrezko jardunbide horien arduradunek maiz erabiltzen dituztela titularra berehala egiaztatzea zaila den banku-txartelak eta diru-zorro elektronikoak. Gainera, eragiketa horietako batzuk delinkuentzia antolatuarekin eta kapitalen zuriketarekin lotuta egon daitezke.
Araudi berria indarrean sartu zenetik sortutako joko-kontu berri guztiei aplikatzen zaie. Lehendik dauden kontuetarako, sei hilabeteko trantsizio-aldia ezarri da. Epe horretan, enpresek beren sistemak egokitu eta ordainketa-bideen titulartasuna egiaztatu beharko dute.
Aldi horretan, dagoeneko kontua duten erabiltzaileek dirua sartzen eta jokoetan parte hartzen jarraitu ahal izango dute, baina ezin izango dituzte lortutako sariak kobratu, ordainketa-bidea kontuaren titularrarena dela egiaztatu arte.
Sei hilabete igaro ondoren titulartasun hori egiaztatzea lortu ez bada, operadoreek kontratua amaitu, Jokoaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi eta kontuetan dauden saldoak itzuli beharko dituzte, kobratzeko dauden sariak barne, aplikatu beharreko legezko betebeharren arabera.
EHKBtik azpimarratzen dugu garrantzitsua dela plataforma digitaletan identifikazio- eta segurtasun-mekanismoak indartzea. Era berean, kontsumitzaileei gogorarazten diegu beren datu pertsonalak babestu behar dituztela, ordainketa-bideak beste pertsona batzuekin partekatzea saihestu behar dutela eta banku-kontuetako mugimenduak aldian-aldian berrikusi behar dituztela, baimenik gabeko eragiketak hautemateko.

