Hemen zaude

Europako Batzordeak txartel bakarra proposatu du trenez bidaiatzea errazteko

Osteguna, Ekaina 25, 2026

Europako Batzordeak lege-proposamen berri bat aurkeztu du Europar Batasunean tren bidezko joan-etorriak errazteko, «Bidaia bat, txartel bat» printzipioan oinarrituta. Ekimenaren helburua da bidaiariek hainbat tren-operadorek eskaintzen dituzten estatuko nahiz nazioarteko ibilbideak erraz planifikatu, alderatu eta erosketa bakarrean eskuratu ahal izatea, erabilitako salmenta-plataforma edozein dela ere.

Proposamenak gaur egungo txartel-salmentaren zatiketa gainditu nahi du; izan ere, askotan beharrezkoa izaten da ibilbide bera egiteko hainbat txartel erostea. Horrek bidaiaren antolaketa zaildu dezake eta ziurgabetasuna sor dezake hainbat tren-enpresa tartean daudenean.

Era berean, ekimenak treneko bidaiarien eskubideak indartzen ditu. Bidaia txartel bakar batekin erosi bada, atzerapenak edo lotura galtzea gertatuz gero, bidaiariek laguntza, garraio-aukerak, dirua itzultzea eta, hala dagokionean, ibilbide osoari dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, nahiz eta bidaian hainbat operadorek parte hartu.

Gainera, salmenta-plataformek bidaiatzeko aukeren inguruko informazio argia, gardena eta neutrala eskaini beharko dute, ibilbideen arteko konparazioa erraztuz. Halaber, posible denean, ibilbide bakoitzaren berotegi-efektuko gasen isuriei buruzko informazioa ere eman beharko dute, mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko.

Neurri horien bidez, Europako Batzordeak trena garraiobide irisgarriago, errazago eta erakargarriago bihurtu nahi du, bai estatu barruko bai nazioarteko joan-etorrietarako, eta, aldi berean, kontsumitzaileen babes-maila indartu. Proposamena Europako Parlamentuak eta Kontseiluak eztabaidatu eta onartu beharko dute indarrean sartu aurretik.