
Hornidura eta Merkaturatze Elektrikoaren Erregelamendu Orokor berriak nabarmen indartzen du kontsumitzaileen babesa, eta modu horretan, arau-esparrua sektorearen egungo beharretara egokitzen du, energia-politikaren helburuak eta herritarren eskubideen babesa orekatuz.
Aldaketa garrantzitsuen artean merkaturatzailea aldatzeko prozeduraren arauketa hobetzea eta energia elektrikoaren kontsumitzaileentzako erreklamazio-esparrua argitzea daude. Baita kontratazioaren esparru orokorrari lotutako neurriak indartzea ere, abusuzko praktikak saihesteko eta segurtasun juridiko handiagoa bermatzeko xedearekin.
Berezi aipatu behar da telefono bidezko kontratazio ez-eskaeratuaren aurkako babesa. Erregelamenduak berariaz debekatzen du erabiltzailearen aurretiazko baimenik gabe publizitatea edo kontratazio-praktikak egitea telefono bidez, salbu eta kontsumitzaileak berak eskaera egin badu edo deia berak hasi badu. Era berean, merkaturatzaileek kontratu-baldintzak alde bakarrez aldatzea edo kontratua epemuga baino lehen amaitzea ezartzen da.
Gardentasuna handitzeko eta kontsumitzaileen konfiantza sendotzeko neurriak ere ezartzen dira. Autonomia Erkidegoetan dauden erreklamazio-bideak aitortu eta argitzen dira, eskubideen defentsarako esparru argiagoa eta eskuragarriagoa bermatuz.
Gainera, sektoreko enpresek bezeroarentzako arreta-zerbitzu doakoa, eskuragarria eta unibertsalki irisgarria izatea derrigorrezkoa izango da. Aukeran, merkaturatzaileek, banatzaileek eta agregatzaile independenteek Bezeroaren Defendatzailea izendatu ahal izango dute, barne-zerbitzuetatik independentea izango dena eta aurkeztutako erreklamazioak ebatziko dituena.
Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunetik (EHKB) positiboki baloratzen ditugu neurri hauek, energia-merkatu gardenago eta orekatuago baterantz urrats sendoa baitira. Alabaina, neurri horien benetako aplikazioa zaintzen jarraituko dugu.

