Hemen zaude

Berankorren fitxategitan doako tramiteak egitea hitzematen duten eta tarifikazio gehigarriko telefonoen bidez harremanetan jartzera behartzen duten web-orrien inguruan ohartarazten du Kontsumobidek

Asteazkena, Maiatza 9, 2018

Berankorren fitxategitan doako tramiteak egitea hitzematen duten eta tarifikazio gehigarriko telefonoen bidez harremanetan jartzera behartzen duten web-orrien inguruan ohartarazten du Kontsumobidek

 

807 telefono-zenbakira egindako deien ondorioz 335 euro arteko karguengatik erreklamazioak jaso ditu Institutuak

Kontsumobidek ohartarazi du badirela aholkularitza eskaintzea eta berankorren fitxategitan doako tramiteak egitea promes egiten duten web-orri batzuk. Bertan, informazio-eskaera osatu ahal izateko, tarifikazio gehigarriko 807 telefono-zenbakitara hots eginez haiekin harremanetan jartzera behartzen dute bezeroa. Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek azaldu duenez, jasotako erreklamazioen arabera, bezeroa linean jarri ondoren, teleoperadoreek "azalpenak edo datu pertsonalen bilketa luzatzen dute edo, zuzenean, komunikazioa eteten dute beste dei bat egitera behartzeko". Horrela, deiaren kostua izugarri igotzea lortzen dute. Kaltetutako pertsona batek 335 euro ordaindu zituen eskaera osatzeko behar izan zituen 7 deiak egiteagatik.

Mota horretako atariek oso antzeko moduan dihardute eta kontsumitzaileen ezjakintasunaz baliatu ohi dira. Norbaitek bere izena berankorren fitxategi batean egon daitekeela susmoa badu, zalantzak argitzeko Interneteko bilatzaileetara jotzen du. Webguneak hainbat orrialderen zerrenda itzultzen du; haietan, pertsona bat ondare-kaudimeneko zerrenda horietakoren batean agertzen ote den doan kontsultatzeko aukera ematen dela ziurtatzen da.

Pertsona fisikoek berankorren fitxategi bat doan ikusteko eskubidea dute, euren datuak bertan jasota dauden jakiteko. Datuetan sartzeko eskubidea deitutakoa da eta datu pertsonalak babesteko araudian erregulatua dago. Halaber, informazio hori okerra bada edo osatu gabe badago, informazioa zuzentzea eskatzeko eskubidea dute; edo, informazioa errealitatearekin ez badator, informazio hori ezeztatzeko eska dezakete. Eskubide horiek pertsonalak dira, hau da, eraginpean dauden pertsonek bakarrik gauza ditzakete, norbera identifikatu ondoren.

Berankorren fitxategiei buruzko informazio-web horiek, euren publizitatean, aipatutako tramite horiek doan direla azpimarratzen dute. Baina ez dute adierazten enpresa bitartekariak direla, eta eskaera formalizatzeko, eurekin harremanetan jartzea eskatzen dutela tarifikazio gehigarriko telefono baten bitartez; zehazki, 807 baten bitartez. Arauz zerbitzu profesionalei bakarrik esleitzen zaizkien zenbaki horietarako deiak ezin dira 30 minutu baino gehiago luzatu eta euren prezioa zenbakiaren laugarren digituaren arabera aldatzen da. Gainera, deiaren hasieran enpresaren izenari eta deiaren kostuari buruzko informazioa emango duen grabazio bat entzun beharko da eta, ondoren, 5 segundoko tarte bat egongo da, deia etetea edo deiarekin aurrera jarraitzea erabakitzeko. Grabazioa entzun arren, zenbait pertsonek komunikazioa ez dute eteten eta, ondoren, neurriz kanpoko telefono-fakturak jasotzen dituzte.

Erregistro batean sartuta zauden egiaztatu

Kontsumobidek gogorarazten du edonork berankorren fitxategi batean dagoen zuzenean egiazta dezakeela, tarteko enpresa batekin harremanetan jartzeko beharrik gabe.

Norbaitek bere izena ondare-kaudimeneko zerrenda batean agertzen ote den jakin nahi badu, berak sinatutako eskaera eta bere NANaren fotokopia erregistro ezagunenetako batera bidal dezake:

·         ASNEF-EQUIFAX. Fitxategia: ASNEF. 10546 posta-kutxa. 28080 Madril. Helbide elektronikoa: sac@equifax.es

·         EQUIFAX IBÉRICA, S.L. Fitxategia: INTZIDENTZIA JUDIZIALAK. 10546 posta-kutxa. 28080 Madril. Helbide elektronikoa: sac@equifax.es

·         INFORMA D&B, S.A. Fitxategia: INCIDENCIAS JUDICIALES. 1189 posta-kutxa. 28108 Alcobendas.

·         EXPERIAN BUREAU DE CRÉDITO, S.A.

·         Fitxategia: BADEXCUG. 1188 posta-kutxa. 28108 Alcobendas.

·         Fitxategia: INFODEUDA. 1.016 posta-kutxa. 28108 Alcobendas.

·         Fitxategia: CIREX. 1014 posta-kutxa. 28108 Alcobendas. 

Zein zerrendatan sartu zaituzten baldin badakizu eta araudiak eskatutako baldintzak betetzen badituzu, zure datuak zuzentzea edo ezabatzea eskatzeko idatzi bat helbide horietara igorri dezakezu, zure eskaera babestuko duen dokumentazioarekin batera, adibidez, ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia bat.