Hemen zaude

Babes hobea izango dute aurrerantzean kontsumitzaileek aire-konpainien aurrean

Larunbata, Urria 10, 2020

Aire-garraioa darabiltenei eragiten dieten gatazketarako kontsumo-arloko auzietan ebazpen alternatiboa emateko prozedurak hobetu egin ditu Estatuko gobernuak. Irailaren 19an argitaratu da irailaren 18ko 3/2020 Legea, Justizia Administrazioaren esparruan COVId-19ri aurre egiteko prozesu- eta antolaketa-neurriei buruzkoa, besteak beste, azaroaren 2ko 7/2017 Legea aldatzen duena. (Zehazki, azken xedapenetako seigarrenak aldatu du azaroaren 2ko 7/2017 Legearen bigarren xedapen gehigarria, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko maiatzaren 21eko 2013/11 EB Zuzentaraua, kontsumo-arloko auzien ebazpen alternatiboari buruzkoa, Espainiako ordenamendu juridikora ekartzekoa).

Alderdi garrantzitsuenak honako hauek dira: aireko garraioan sor litezkeen gatazkak konpontzeko prozedura (gaur egun AESAk -Aire Segurtasunaren Espainiako Agentziak-kudeatzen du) nahitaezkoa eta loteslea izango da aire-konpainientzat, baina ez bidaiarientzat, eta edozein unetan prozeduran atzera egiteko moduan izango dira funtzionamenduarekin ados ez badaude. Nolanahi ere, bidaiariak auzibidera jotzeko eskubidea izango dute aurrerantzean ere.

Bestalde, eta hegazkin-konpainiak AESAren erabakia hilabeteko epean betetzen ez badu, bidaiariak aukera izango du merkataritza-arloko epaitegira jo eta han eskatzeko erabakia betearaz dezala.

Onartutako aldaketaren arabera, aire-konpainiak erabakitzen badu AESAren erabakiaren aurka errekurtsoa jartzea merkataritza-arloko epaitegien aurrean, bidaiaria ez dago behartuta prozeduran agertzera, eta AESAk defendatuko du harena. Inola ere ezingo zaie kosturik ordainarazi bidaiariei.