Hemen zaude

Martxoak 15. Kontsumitzalearen Eskubideen mundu-mailako eguna

Asteazkena, Apirila 11, 2012

Kontsumitzailearen Eskubideen Mundu-mailako Egunean (martxoak 15) aurkeztu da, ofizialki, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua. Kontsumoaren alorreko politikak bultzatzea eta gauzatzea du helburu erakunde autonomo berriak. Kontsumitzaileei informazioa ematea, kontsumitzaileak prestatzea, haien segurtasuna zaintzea eta eskubideak defendatzea du zeregin nagusi.

Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburua izan du buru inaugurazio ekitaldiak, eta han izan dira, halaber, Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazioko sailburua eta Ana Collía Kontsumobideren zuzendaria ere. Ekitaldian, kontsumoaren alorrean aditu den Jesus Soria kazetaria izan da hizlari. “Ahora más que nunca” izeneko txostena aurkeztu du.
 
Ana Collía Kotsumobideren zuzendariak esan du institutuak Euskadin kontsumitzaileen babes esparruan erreferente izan nahi duela; eta, horren harira, herritar guztiak gonbidatu ditu institutura jotzera. Aldi berean, eskerrak eman dizkie Kontsumobideren proiektua aurrera eramaten lagundu duten pertsona guztiei.
Idoia Mendiak, Justizia eta Herri-administrazio sailburuak, bestalde, Kontsumobideren papera egungoa bezalako krisi ekonomikoko egoeretan indartu egiten dela azaldu du; izan ere, kontsumitzaileen babesgabetasun-egoerak areagotu egiten dira, baina oraindik asko dago egiteke esparru horretan.
Rafael Bengoak, Osasun eta Kontsumo sailburuak, bere esku-hartzean kontsumoaren arloaren zeharkakotasuna azpimarratu du, beste esparru batzuekin eta bereziki osasunaren arloarekin lotuta baitago. Horren harira esan du Segurtasun hitza dela Kontsumoaren eta Osasunaren esparruak erlazionatzen dituena, eta, beraren ustez, Kontsumobidek kontsumitzaileen segurtasunean aurrera egiten lagunduko du, baita beren posizioaren kontzientzia hartzen ere.
Jesús Soriak, berriz, “Ahora más que nunca” hitzaldiaren aurkezpenean azpimarratu du kontsumitzaileek gero eta arazo gehiago dituztela, merkatuko lehia “biziaren” ondorioz, eta gero eta babesgabeago daudela ematen duela. Horren harira esan du “askoz gehiago" egin daitekeela. “Beti, eta orain inoiz baino gehiago, iruzurra eta kontsumitzaileen engainua desagerrarazteko lan egin behar da”, erantsi du. Beraren ustez, kontsumitzaileek gehiago hausnartu behar dute eta beren eskubideak hobeto ezagutu behar dituzte, baina Administrazioak ere bere papera aldatu behar du eta kontsumitzaileen babesa eraginkorra izan dadila sustatu behar du.