Hemen zaude

Zer baldintza bete behar dituzte Internet bidez eskaintzen diren turistentzako etxebizitzek?

Astelehena, Uztaila 12, 2021

Apartamentu, hotel edo bestelako turismo-establezimendu konbentzionalen ordez etxebizitza partikularrak edo logelak alokatzea ostatu hartzeko beste aukera bat da, gero eta eskari handiagoa duena. Internetek aukera ematen dizu, webgune espezializatuen eta web orrialdetan egiten diren iragarkien bidez, oso leku desberdinetan dauden etxebizitzen eskaintza handia eskura izateko.

Ihesalditxoren bat egitea pentsatu baduzu eta era horretako zerbitzu bat erabiltzea erabaki, ostatu horiek zer baldintza bete behar dituzten jakin behar duzu. Autonomietako legeen arabera arautzen direnez, betebeharrak ez dira berdinak autonomia guztietan. AndaluziakMadrilek edo Kataluniak, besteak beste, beren arautegi propioa dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan egun batzuk pasatzeko aukera horren alde egiten dutenek jakin behar dute Turismoaren Legeak zenbait baldintza betetzera behartzen dituela ostatu horien jabeak, lehiakortasuna bermatzeko, EAEn kalitatezko turismoa ziurtatzeko, eta erabiltzaileak babesteko.

2016ko abuztutik indarrean dagoen xedapen berri batek arautzen ditu, bai turismo-erabilerarako eskaintzen diren etxebizitza partikularrak –lehen Hiri Errentamenduen Legeak arautzen zituen–, bai logela solteen alokairua:

  • Turismo-erabilerarako etxebizitzak: aldi baterako eskaintzen dira, turismo edo opor-etxebizitza gisa, zuzenean edo zeharka, behin eta berriz edo ohikotasunez, kontraprestazio ekonomiko baten truke.
  • Etxebizitza partikularretako turismo-erabilerako logelak: jabea bizi den etxebizitzetan eskaintzen dira, oporretarako edo turismorako, eta prezio baten truke. Kontzeptu honetan sartzen da bed and breakfast izenekoa.

Ulertzen da ohikotasunaren barruan sartzen dela etxebizitzaren jabeak edozein baliabide erabilita haren publizitatea egitea edo urtean bitan edo gehiagotan 31 egun edo gutxiagorako ostatua eskaintzea. Horretaz gain, arautegi hori ere aplikatzen zaie Hiri Errentamenduen Legearen barruan sartzen ez diren alokairuei.

Euskadin bete beharreko baldintzak

Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bat onetsi behar du titularren betebeharrak xehetasunez zehazteko. Ordura arte, turistei etxebizitza edo logela bat alokatu nahi dienak:

  • Etxebizitzaren edo gelaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du jarduera hasi aurretik, non ziurtatu beharko duen betetzen dituela arautegian ezarritako eskakizunak. Horretaz gain, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan eman beharko du izena; hor zenbaki bat esleituko diote, etxebizitzaren nortasun agiriaren antzeko bat, alegia, eta egiten dituen iragarki guztietan azaldu beharko du zenbaki horrek.
  • Ezingo die arautegian ezarritako gehienezko pertsona-kopuruari baino jende gehiagori alokatu.
  • Erreklamazio-orriak eduki beharko ditu.

Etxebizitzek, berriz, besteak beste, hauek bete beharko dituzte:

  • Azpiegitura; hirigintza; eraikuntza eta etxegintza; segurtasuna; ingurumena; osasuna eta kontsumoa, eta higienea eta laneko osasunaren arloko betekizunak. Horietaz gain, baita, hala badagokie, aplikagarri den beste araudi batek eskatzen dituen betekizun guztiak ere.
  • Egoera ezin hobean eduki behar dira, adierazitako ezaugarrietara egokitzeko.
  • Etxebizitzen kasuan, gainera, lehenengoz okupatzeko lizentzia edo bizigarritasun-zedula eduki behar dute.
  • Prozedura bakoitzari buruzko informazioan agertzen diren eskakizunak ere bete behar dituzte: turismo-erabilerarako etxebizitzak eta turismo-erabilerarako etxebizitza partikularretako gelak.

Eta gogoratu, zure eskubideak urratu dituztela uste baduzu, erreklamazio bat aurkez dezakezula Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailean.