Hemen zaude

Revolving txartelen arriskuak eta berrikuntza nagusiak

Asteartea, Azaroa 24, 2020

Egun zailak datoz: diru-zorroak gehiegi astintzen ditugu eta zuloa egitera ere iritsi gaitezke. Hainbeste erosketa egin ostean (eta oraindik egin beharko dituzunak), itolarrian zaudela konturatzen zara eta, beraz, epeka ordaintzeko aukera ematen dizun txartel bat eskuratzea erabaki duzu. Ez dakizuna zera da, txartel horrekin, azkenean itota bukatuko duzula zorrez gainezka, trukean, interes oso handiak ordaindu behar izango dituzulako. Bai, revolving txartelak dira, edo geroratutako kredituko txartelak, hau da, kreditu berriztagarriez –revolving– baliatzeko bidea.

Zer dira revolving txartelak edo geroratutako kreditukoak?

Kreditu-txartel mota bat dira eta, horien bitartez, iraupen mugagabeko kreditu berriztagarri bat ezar dezakezu, hileko kuota finko bat zehaztu eta erosketak automatikoki geroratu ditzakezu. Baina dena ez da hain polita: zorra areagotu egiten da eta interesa neurriz kanpokoa izan ohi da, UTBa (Urteko Tasa Baliokidea) % 24tik gorakoa ere izanik.

Horrelako txartel bat izateak arrisku larriak ekar ditzake, eta arrisku horiek kontuan izan beharko zenituzke horietako bat itsu-itsuan eskuratu baino lehen: geroratutako erosketa bakoitzarekin zorra eta interesak birkalkulatu egiten dira; interesak zorrari gehitzen zaizkio eta, beraz, zorra handiagotu egiten da; hileko kuotak baxuak badira, amortizatzeko aldia luzatu egiten da eta interesengatik ordaintzen dena gehiegizkoa edo neurrigabekoa da; eta kreditu erabilgarria handitu diezazukete kuota oso txikia bada edo zorrari aurre egiteko nahikoa ez bada. 

Garrantzitsua da zer kontratatzen duzun jakitea. Mota horretako txartelekin azkenean zenbat ordaintzen duzun kalkulatzea zaila izaten da, ordaindu gabeko interesak birkapitalizatu eta epea mugarik gabe luzatzeko aukera ematen dutelako eta, beraz, jende asko ez da konturatu ere egiten zer arrisku ekar ditzakeen horrelako txartel bat izateak. Txartel horiek eskaintzen dituzten erakundeek ere ez dute argi eta garbi adierazten; horrelako txartelak bankuetako bulegoetan, finantza-erakundeetan, merkataritza-zentroetan eta online ere kontrata daitezke.

Produktu horiek gardenagoak izateko, kontsumitzaileak eta, batez ere, kontsumitzaile kalteberenak babesteko, eta zorpetze jasanezina saihesteko asmoz, revolving kredituei eta txartelei edo geroratutako kredituei eragiten dieten araudia onartu da. 2021. urtearen hasieran jarriko da indarrean pixkanaka. Horrela, bada, erakundeek, alde batetik, informazio argia eman behar dute kontratatu baino lehen eta kontratatu ondoren eta, bestetik, kreditua eskatzen duenaren kaudimena ebaluatu behar dute.

Berrikuntza nagusiak

Araudiarekin gardentasuna gehiago kontrolatzen da eta erakundeek informazio nahikoa eta egokia eman behar diete kontsumitzaileei kontratazioaren fase guztietan. Hori horrela, bezeroek kontratatu nahi duten produktuaren ezaugarriak zeintzuk diren jakin ahal izango dute, zorra une oro zenbatekoa den, zorra arintzeko zer aukera dituzten, maileguaren kostu zehatza zein den eta erakundearekin aldizka zenbateko zorra duten.

Kontratua sinatu baino lehen, erakundeek informazio zehatza eman beharko dute, revolving hitza argi eta garbi aipatu eta kredituaren adibide adierazgarri bat ere txertatu beharko dute, kuotaren bi aukera zehaztuta.

Produktua kontratatu ostean, erakundeak informazioa bidali beharko du, gutxienez, hiru hilean behin, kredituaren alderdi zehatzen bilakaerari eta egoerari buruz, hala nola guztizko zenbatekoa (nagusia eta interesak bereizita) edo mailegua ordaintzen bukatzeko aurreikusitako data. Gainera, maileguari buruzko informazioa noiznahi eskatu ahal izango da, baita amortizazio-taula edo ordaindutako zenbatekoa eta ordaintzeke dagoena ere.

Azkenik, kredituaren muga handitu behar den bakoitzean, bezeroari aldez aurretik jakinarazi behar zaio, gutxienez, hilabete 1eko aurrerapenarekin eta, gainera, baimena eskatu behar zaio.

Halaber, arauaren arabera, erakundeek kaudimena ebaluatu behar dute produktua kontratatu duen pertsonak ordaintzeko ahalmena baduela ziurtatzeko eta, hartara, ez gainzorpetzeko. Horretarako, gutxi gorabehera ezartzen da kuoten urteko zenbatekoak aukera eman behar duela emandako kredituaren mugaren urteko gutxieneko % 25 amortizatzeko.

Damutuz gero, atzera egiteko eskubidea balia dezakezu, hau da, kreditua indarrik gabe utz dezakezu, betiere erakundeari idazki bidez jakinarazten badiozu sinatu zenetik 14 eguneko epean.

Araudirako esteka