Hemen zaude

Ogiaren hiztegi berria(I). Denok entzuten ditugun ogi-izenak

Ostirala, Abuztua 16, 2019

Seguruenez, entzunak izango dituzu, ogiari buruz ari garela, izen hauek: ore ama, osokoa, zereal askokoa… baina, badakizu zertaz ari garen? Pentsatu dugu interesgarria litzatekeela argitzea uztailaren batean indarrean sartu zen apirilaren 26ko 308/2019 Errege Dekretuak jasotzen dituen kontzeptuak; horrela, zertaz hitz egiten dugun jakingo dugu.

Oinarrizkoenetik hasiko gara, eta noiz edo noiz denok entzun ditugun izenak azalduko ditugu.

Ogia. Ia egunero jaten duguna. Irinez eta urez egindako ore errea, gatzduna nahiz gatzik gabea, legamiaz edo ore amaz hartzitua.

Osoko ogia edo bihi osoko ogia. Araudi berriarekin integrala izango da erabat.Erabilitako irinak eta ore amak erabat osokoak izan behar dute. Semolak edo grainoiak[1] izan ditzake, osokoak horiek ere. Ogi-mota hau izendatzeko, irinaren osagai diren zerealen izenak gehitzen zaizkio: “Osoko gari- eta zekale-ogia”.

Ogia egiteko erabilitako irin guztia osokoa ez bada, “…-z egindako ogia” dela adierazi beharko da, bai eta erabilitako irin guztian osoko irinak edo zereal-aleek duten portzentajea ere. Adibidez, “% 30 osoko gari-irinez eta % 30 osoko zekale-irinez egindako ogia”.

Zereal askoko ogia. Hiru irin-mota edo gehiagoz egindako ogia; irinetako bik, gutxienez, zereal-irinak izan behar dute. Irin bakoitzak % 10eko proportzioa izan behar du, gutxienez, eta zereal-irinek, guztira, % 30ekoa, gutxienez.

Ore ama. Gari-irinez edo beste zereal baten irinez eta urez egindako ore aktiboa, gatzduna nahiz gatzik gabea, berez hartzitzen dena. Ogi-orearen hartzidura ziurtatzeko erabiltzen da. Legamiak baino denbora gehiago behar du hartzitzeko. Mikroflora azidotzailea du; bakterio laktikoak eta legamia naturalak, batez ere.

Artisau-ogia. Ogi-mota hau egiteko prozesuan, gizakiak izan behar du eragile nagusi. Ore-multzoaren hartzidura orea oratu ondoren eta zatitu baino lehen egiten da, eta ez dira kantitate handiak erabiltzen. Okindegiko maisu batek edo antzeko batek zuzendu behar du prozesua.

Ore amaz egindako ogia. Gutxienez, irinaren azken pisuaren % 5ak ore ama izan behar du, eta aurretiko eta ondorengo azidotasun-baldintza jakin batzuk bete beharko ditu. Erre ondorengo pH-ak 4,8tik beherakoa izan behar du. Azken fasean, legamia gehi dakioke; gehienez ere, % 0,2. Edozein kasutan, ore amaz eginiko ogiak legamien erabilera murrizten du.

Egur-labean egindako ogia. Horrela izendatzeko, egurra baino erabiltzen ez duen labean erretakoa izan behar du.

Orain, BEZ murriztua (%4) erantsi ahal zaizkie hainbat kontsumo pruduktuei, esaterako ogi integralei edo bihiez eginikoei besteak beste.

Ogiarekin lotutako beste post batzuk

Ogiaren hiztegi berria (II). Ogi arrunta eta izan ditzakeen mota desberdinak (leiho berri batean irekitzen da)

Ogiaren hiztegi berria (III). Ogia ere berezia izan daiteke (leiho berri batean irekitzen da)

[1] Gari erre aleak edo gari errez egindako semola antzekoa.

Egilea:Kontsumobide