Hemen zaude

Merkataritza elektronikoa

Larunbata, Azaroa 2, 2019

Internet bidez produktuak edo zerbitzuak kontratatzen badituzu, zenbait neurri hartu behar duzu eta merkataritza elektronikoari buruzko eskubideak ezagutu behar dituzu.

Erosketa bat egitea segurua dela bermatzeko, ondoko adierazleak egiaztatu behar dituzu:

Web orriaren helbidea https:// hitzekin hasi behar da. Azken s horrek zerbitzaria segurua dela esan nahi du, halere, zenbaitetan, s hori ordainketa-orrian bakarrik agertuko da.

Giltzarrapo itxi bat, pantailako beheko aldeko eskuineko angeluan. Giltzarrapoa irekita badago, litekeena da gunea ez izatea segurua.

Pantailaren beheko eskuineko angeluan giltza oso bat agertzen bada webgunea segurua dela adierazten du.

Giltzarrapoan edo giltzan birritan klikatuz gero -online dendaren segurtasun-egiaztagiriari buruzko informazioa agertuko da. Segurtasun-egiaztagiriak bermatzen du bidaltzen diren isilpeko datu guztiak modu seguruan egingo direla, datuak enkriptatzeko sistema baten bidez; normalean SSL (Segure Socket Layer).

Erosketa egin aurretik: derrigorrezko informazioa

Internetez erosketa bat egin aurretik, online dendak ondoko informazioa eman behar dizu:

Enpresaren datu ofizialak: izena edo sozietatearen izendapena, IFZ, helbidea, helbide elektronikoa eta enpresarekin harreman zuzena eta egiazkoa izatea ahalbidetuko duten bestelako datuak.

Jokabide-kodeak, merkataritza elektronikoan enpresaren jarduera etikoa bermatzen baitute, eta, hala bada, gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko zer prozedurari dagoen atxikia.

Produktuaren edo zerbitzuaren fitxa teknikoa edo ezaugarriak.

Prezioa (aplikazio zergak ere barnean diren adierazita) eta produktuaren bidalketa-gastuak; edo erosketak sor ditzakeen bestelako gastuen berri.

Ordaintzeko moduak.

Entrega egiteko modalitatea eta epea.

Atzera egiteko eskubidea dagokizun edo, alderantziz, produktua edo zerbitzu mota dela-eta, ez dagokizun.

Kontratazio-prozedurari dagokionez: egin beharreko izapideak; kontratua jasoko duen dokumentu elektronikoa artxibatuko den eta dokumentu hori eskuragarri izango den; datuen sarbidean akatsak identifikatu eta zuzentzeko eskura jartzen diren baliabide teknikoak eta kontratua zein hizkuntzatan gauzatu daitekeen.

Elektronikoki egindako kontratazio-eskaintzak indarrean egongo dira aurretik zehaztutako epean edo kontsumitzaileek eskuragarri dituzten bitartean. Kontsumitzaileek kontratuaren baldintzak gorde eta erreproduzitzeko aukera izan behar dute.

Erosketaren momentuan: datu pertsonalak, ordaintzeko moduak eta muga-zergak

Erosketa eta ordainketa egiteko eta produktua jasotzeko datu beharrezkoak baino ez dituzu eman behar. Halere, webguneak esan behar dizu zer erabilpen egingo duen zure datu pertsonalekin eta nola baliatu atzipen eskubidea, zuzentzeko eskubidea, ezerezteko eskubidea eta aurka egiteko eskubidea.

Behin eskabide-agindua jasota, online dendak jakinarazi behar dizu, 24 orduko epean, hartu duela zure eskabidea. Ordenagailuan artxibatu eta paperean inprimatu behar duzu eskabide agindua edo jaso izanaren onarpena, eta baita online dendak bidali behar dizun hartu izanaren egiaztapena ere. Egiaztapenak produktuaren eta prezioaren inguruko informazio guztia jaso beharko du.

Baldin eta gorabeherarik edo akats informatikorik gertatzen bada erosketa online egiteko momentuan, gomendagarria da akats horiek gordetzea. Egiten baduzu, bankuko kontuan kargatutakoa anulatzeko eskatu ahal izango duzu.

Ordaintzeko moduak

Online denda bakoitzak ordaintzeko modu bat baino gehiago izan dezake. Ohikoenak ondokoak dira:

Jaso ondoko ordainketa. Fidagarriena da, produktua jaso ondoren egiten baita. Ezin da zerbitzu kontratazioetarako erabili.

Kreditu txartelak. Beti ere datuak eman aurretik webgune seguru batean zaudela egiaztatu behar duzu.

Erosketa baten zenbatekoa iruzur bidez kargatu bada edo banku txartel baten zenbakia oker erabilita egin bada, eskatu ahal izango duzu kargua bertan behera uzteko berehala.

Zenbait txartel bankuetako kontuei daude lotuta. Txartel horien bidez Internetez egin beharreko erosketarako aurreikusten duzun zenbateko zehatza sar dezakezu -aurre-ordainketa egiteko txartel birtualak-. Horrela, kalteak mugatu ahal dira, baldin eta norbaitek, iruzur eginez, zure zenbakiaren berri izan eta txartela erabili nahi badu.

Banku-transferentzia modu segurua da, baina ez du ezeztatzea onartzen.

Posta elektronikaren bidezko ordainketa: banku-kontu baten datuak posta elektroniko bati esleitzen zaizkio. Behin bakarrik erregistratu behar izango duzu bere eta banku-kontuarekin zein kreditu edo zordunketa txartelarekin, online dendak proposatzen dizun atebidean (PayPal edo antzekoak). Erregistro bakar horrek bide emango dizu modu anonimoan ordainketa-aginduak egiteko; bai aurreratutako funtsen kontura bai kontu edo txartel horri lotuta. Erregistroa aurrera begirako erosketetan ere erabili ahal izango duzu.

Beste modu batzuk: telefono bidezko ordainketa, txeke elektronikoak, bankuan helbideratzea...

Ez da gomendagarria diru-bidalketak erabiltzea, hau da, herrialde batetik bestera egitea diru-bidalketak.

Muga-zergak ordaintzea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik inportatutako produktuengatik

22 eurotik gorako balioa duten produktuak aduana-aitorpen formalaren menpe daude. Batasuneko Aduana-kodea onartzen duen urriaren 12ko Kontseiluaren 2913/1992 (EEE) Erregelamenduak aduanaren balioa zehazteko inportatutako merkantzien prezioari garraio- eta aseguru-gastuak gehituko zaizkiola ezartzen du. Muga-zergaren ehunekoa inportatutako merkantziaren arabera zehazten da.

Gauzak horrela, Internet bidez erosterakoan oso garrantzitsua da produktuaren jatorrizko herrialdea ezagutzea, izan daitezkeen gastu gehigarriak kontuan hartzeko.

Erosketa egin ondoren: entregatzeko epea, bermea eta kontratuaren ez-betetzea

Produktua entregatzeko epea 30 egunekoa da, erosketa egin duzunetik; ez bada dendarekin bestelako epe bat adostu duzula. Produktuarekin batera, zure erreklamazioak egin ahal izateko, enpresaren helbidea eman behar dizute eta baita faktura, bermea eta atzera egiteko dokumentua ere.

Produktuak ez baditu betetzen publizitatean eta kontratuan esaten diren ezaugarriak; esandako erabileretarako ez badu balio; ekoizpen-akatsak badauzka edo hondatuta badago; produktua ez dator bat kontratuarekin eta bermeen araudia aplikatuko da. Eskubidea daukazu produktua konpondua edo ordeztua izateko edo, bestela, prezioa merkatzeko edo kontratua bertan behera uzteko. Konponketa edo aldaketa doakoa izan behar da; ezin dizute bidalketa-gasturik kobratu, ezta eskulanen edo materialen kosturik ere.

Enpresak ez badauka produktua edo zerbitzua:

Informatu egin behar dizu eta atzerapenik gabe dirua berreskuratzeko eskubidea izango duzu. Enpresa itzulketa egitean arrazoirik gabe atzeratzen bada, zordundutako kopuruaren bikoitza ordaintzeko eskatu ahal izango duzu. Gainera, zenbateko horiek gainditzen dituzten kalte- galerengatik kalte-ordainak jasotzeko eskubidea ere edukiko duzu.

Antzeko ezaugarriak dituen ondasuna edo zerbitzua entregatu ahalko dizu, horrela izan zitekeela aurretik jakinarazi badizu, prezioa igo gabe. Halakoetan ere atzera egiteko eskubidea izango duzu, baina ezin izango dizute itzulketaren zuzeneko gastuak zure gain hartzeko eskatu.

Atzera egiteko eskubidea

Atzera egiteko eskubidea da kontratu bat baliogabetzeko eta eskuratutako ondasuna edo zerbitzua itzultzeko duzun ahalmena, arrazoia adierazi gabe eta zigorrik ordaindu gabe. Urrutiko erosketa bat denez, eskubidea daukazu erosketarekin atzera egiteko 14 eguneko epean produktua jaso duzunetik edo, zerbitzu bat denean, kontratua egin duzunetik. Online dendak epe luzeagoa jarri ahal du.

Egin nahi baduzu, entitate saltzaileari jakinarazi behar diozu, jarritako epean, kontratuarekin atzera egin nahi duzula eta produktua itzuli; entitate saltzaileak, produktuarekin batera, nahitaez, eman behar dizun atzera egiteko orriko jarraibideei jarraituta. Komunikazioa bidali duzula eta entitate saltzaileak hala jaso duela egiaztatzeko bidea ematen dizun modua aukeratu behar duzu.

Eskubidea baliatuta, oro har, alderdien betebeharrak azkentzen dira. Ordainketak itzuliko dizkizu enpresak (hala dagokionean, entrega-kostuak barne), luzatze bidegabeetan ibili gabe, eta nolanahi ere, egutegiko 14 egun igaro baino lehen, atzera egiteko erabakia jakinarazitako egunetik zenbatzen hasita.

Gogoratu salbuespen batzuk daudela eta ezin izango duzula atzera egiteko eskubidea baliatu produktu batzuk erostean edo zerbitzu batzuk kontratatzean.

Nola egin erreklamazio bat

Internetez egindako erosketarekin arazoren bat badaukazu:

Lehendabizi, enpresa saltzailearekin jarri behar duzu harremanetan, ahal dela, akordio bat lortzeko.

Ez baduzu zure gustuko erantzuna jasotzen:

Enpresak lurralde espainiarrean establezimendurik badauka, jo ezazu gertuen dagoen kontsumitzaileen informazio bulegora.

Europar Batasuneko bestelako herrialde batean badago, sartu EBko Online Gatazkak Konpontzeko Plataforman edo jo ezazu Kontsumitzaileen Europako Zentrora. Bere helbidea hau da: Centro Europeo del Consumidor en España, Príncipe de Vergara kalea, 54, 28006 Madrid.

Gomendioak

Irakurri produktuari buruzko balorazioak eta iruzkinak.

Egiaztatu dendak Konfiantza online edo antzeko bestelako jokabide-koderik daukan, eta kontsumoko arbitraje-sistemari atxikita dagoen.

Identifikatu online dendaren webguneak daukan segurtasun-maila, ondokoei erreparatuz: zerbitzari segurua adierazten duen https:// helbideari, giltzarrapoari edo giltzari.

Egiaztatu erosketa egin nahi duzula. Atzera egiteko eskubidea baliatzen baduzu eta produkutua bueltatzea erabakitzen baduzu, itzultzeak eragindako kostua zure gain hartzea eskatu baitiezazukete, eta bestalde, produktuaren hasierako bidalketa-gastuak ordaindu beharko dituzu.

Erabaki ordaintzeko modu komenigarriena. Ekidin produktua edo tasak aldez aurretik ordaintzea diru-bidalketak egiten dituzten enpresen bidez. Ezagutu produktua entregatzeko modua eta data.

Egiaztatu eskainitako prezioa dela guztizko prezioa, hau da, barne hartzen dituela zergak, bidalketa gastuak edo erosketari lotutako bestelako gastuak.

Jaso eta gorde dendaren harremanetarako datuak (helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa...) eta produktuaren edo zerbitzuaren ezaugarri teknikoak.

Artxibatu ordenagailuan eta inprimatu erosketa egiteko egin diren operazio guztien egiaztagiriak eta eskaintzari lotuta jasotako informazio guztia:

Publizitatea

Eskaera-agindua edo erosketa egiteko baldintzen onarpena. Gauza bera egingo duzu akats informatiko bat gertatu dela-eta, eskabide agindua ez duzunean osorik egin.

Eskabidea hartu izanaren egiaztagiria.

Faktura elektronikoa.

Elkartrukatu izan dituzun mezu guztiak online dendarekin.

Produktua jasotzen duzunean, ikusi baldintza onetan iritsi dela eta arauzko dokumentazio eta informazio guztia dakarrela.

Akatsen batekin heltzen bada, albaranean edo entrega-orrian jaso beharko duzu eta enpresa saltzaileari ahalik eta arinen jakinarazi. Atera argazkiak akastun produktuari.

Atzera egin nahi baduzu erosketarekin, 14 egun pasatu baino lehen egin behar duzu.

Zentzuz jokatu eta ez fidatu:

Eskaintza oso merkeetaz.

Jokatu ez duzun loteria baten saria eman nahi dizutenean.

Enkante tentagarriak, batzuetan produktua ez baita existitzen.

Egilea:Kontsumobide

http://www.kontsumobide.euskadi.eus/gaiak-erosketak/-/merkataritza-elektronikoa/