Hemen zaude

Kontuz sarrerak birsaltzeko webekin

Osteguna, Ekaina 20, 2019

La Polla Records musika-taldeak Bilborako programatu dituen kontzertuen arrakastaren harira, sarrerak erosteko weben erabiltzaile ugarik jarri dituzte kexak; zehazki, sarrerak birsaltzen dituen Viagogo webaren aurka.

Nahigabeak eta desengainuak saihesteko, garrantzitsua da sarrerak non erosten ari garen jakitea; izan ere, sarrerak ofizialki saltzeko webak (ticketea, ticketmaster, entradas, atrápalo…) eta birsalmentarako web dei genitzakeenak daude. Azken hori da Viagogoren kasua.

Hortaz, horixe da jakin behar duzun lehen gauza. Web horiek itxura ofiziala dute, eta «salerosketarako bigarren mailako plataforma» bezalako gauzak esaten dituzte; hau da, birsalmentarako plataformak direla. Galdera honako hau da: horrek zertan aldatzen ditu gauzak?

Viagogo bitartekaritza-plataforma bat da. Argi eta garbi esaten duten bezala, partikularren arteko salerosketa gertatzen da, eta, beraz, EZIN daitezke kontsumitzaileak babesteko legeak aplikatu.

Birsalmentarako plataforma denez, prezioak tarifa ofiziala baino garestiagoak izaten direla jakin behar duzu. Adibidez: La Polla Records ikusteko sarrera ofizialak 28 eurotik 39 eurora bitartean dabiltza, eta, Viagogon, 39 eta 124 euroren artean aurkituko dituzu. 

Viagogok, gainera, hitzartutako prezioaz gain, kudeaketa-gastuengatiko komisio bat eta zerbitzu-gastuengatiko tasa bat kobratuko dizkizu. Kontzeptu horien zenbatekoak zein diren jakitea ia ezinezkoa da webean, eta erosketa-prozesuan ordainketa-modua klikatzen duzunean bakarrik ikus daitezke. Batzuetan, % 30eko gainprezioa ere sortzen dute salmenta-prezioaren gainean. Adi: ez sarreran inprimatuta ageri den prezioaren gainean, saltzailearekin hitzartu duzun prezioaren gainean baizik. Erosketa-prozesuan, presio komertziala areagotuz joaten da, «5 minutu dituzu» motako mezuekin, minutu horiek igarotakoan beste 5 emango dizkizuten arren.

Halaber, sarrera lapurturik saldu ezin dela esaten dizute, baina ez dizute bermatzen erosten duzun horrek legez kanpoko jatorria ez duenik.

Plataforma horietan erreklamatzea oso zaila da, beren erantzukizunak saihesteko bide guztiak bilatu baitituzte. Gainera, zailtasun horrek gora egiten du, enpresa Estatu Batuetan badago; horixe da Viagogoren kasua.

Jakin beharra duzu Euskal Autonomia Erkidegoko legeria eguneratu egin dela. Apirilaren 22an, Ikuskizun Publikoei eta Jolas Jarduerei buruzko Legea garatzen duen erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretua jarriko da indarrean, eta, bertan, debekatu egiten dira bai «errekargudun birsalmenta», bai komisiodun salmenta, jatorrizko sarreran jatorrizko prezioa eta amaierakoa adierazten dituen zigilurik ez badago. Dekretu berberak ezartzen duenez, sarrerak linean saltzeko plataformek kobratzen dituzten kudeaketa-komisioek eta -gastuek publikoak izan behar dute, eta bistara egon.

Orain, birsalmentarako plataformetan sarrerak erostea merezi duen ala ez erabakitzeko informazio nahikoa daukazu.

Egilea Kontsumobide

http://www.kontsumobide.euskadi.eus/blog-sarrera/2019/kontuz-sarrerak-birsaltzeko-webekin/y10-kbpstblg/eu/