Hemen zaude

Kontsumoko Euskal Institutuak kontrolak egingo ditu salgaien etiketak eta segurtasuna bezalako alderdiak aztertzeko

Astelehena, Azaroa 6, 2017
"Kalteberenak babestea da jostailuen ikuskaritza-kanpainaren xedea", adierazi du Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek

Kontsumoko Euskal Institutuak kontrolak egingo ditu salgaien etiketak eta segurtasuna bezalako alderdiak aztertzeko

Egilea: Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren prentsa-kabinetea

Euskadiko dendetan salmentan jarritako jostailuen ikuskaritza-kanpaina bati hasiera emango dio astelehenean Kontsumobidek, indarrean dagoen araudian ezarritako etiketatu- eta segurtasun-baldintzak betetzen ote dituzten ziurtatzeko. Kontsumoko Euskal Institutuak —Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari adskribatua— kontrolak burutuko ditu hiru lurralde historikoetako txikizkako denda-mota guztietan.

"Gure funtsezko zereginetako bat da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestea, eta haien segurtasuna zaintzea", azaldu du Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek. "Zeregin horrek berealdiko garrantzia hartzen du adin txikikoak babestu behar ditugunean, askoz ere kalteberagoak baitira. Jostailuak bezalako itxuraz hain kaltegabeak diren produktuak ikuskatzeko betebeharra dugu, eta segurtasunerako arrisku bat diren horiek kentzeko", adierazi du Abetek.

Ekimena, 2017rako onetsitako Kontsumobideko Kanpainen Urteko Planaren barruan sartzen dena, urriaren 30etik azaroaren 10era garatuko da, protokoloen araberako jardueren bidez eta laginak hartuz. Lehenengo kasuan, langileek jostailuen etiketatua eta derrigorrezko markaketa aztertuko dituzte eta baita oharrak eta jarraibideak ere. Laginak hartzeari dagokionez, lurraldeko zerbitzuek hautatuko dituzte jostailuak eta laborategi batera igorriko dituzte segurtasun baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko.

GomendioakKontsumobidek burututako ikuskaritza-lanaz harago, Kontsumoko Euskal Institutuak gomendatzen du ondo informatzea edozein jostailu erosi aurretik, ondoren sor daitezkeen arazoak eragozteko.

Arreta berezia jartzea etiketetan, informazioaren osagai garrantzizkoenetako bat baita. Parametro objektiboak eskaintzen dizkizu eta produktuak konparatzeko aukera ematen dizu. Salgaian etiketa non den ikusten ez baduzu, ondo erantsita ez dagoelako edo kendu egin dutelako, har ezazu etiketadun beste unitate bat. Ziurtatu jostailuak Europako CE markatua daramala, segurtasun-arau guztiak betetzen dituela berresten duena. Zerbait ulertzen ez baduzu, galdetu establezimenduan. Gorde etiketa produktuaren bizi-ziklo osoan zehar: gerta daiteke beranduago behar izatea, erosi eta gero. Gorde fakturak: garantia-epea zehazteko balio dute eta, behar izanez gero, erreklamazio bat aurkezteko.