Hemen zaude

Kontsumobideren gomendioak, Interneten salgai dauden mirari-produktuen ugaritzearen aurrean

Larunbata, Martxoa 28, 2020

Tamalgarria eta gaitzesgarria da gaur egungoaren moduko osasun-larrialdiko egoera batean, etika gutxiko edota iruzurrezko jarduerak egiten dituzten pertsonak egotea, diru-sarrera azkarrak lortzeko helburu bakarrarekin. Europar Batasuneko estatuetako kontsumitzailea babesteko agintaritzek (CPC), Europako Batzordearekin bat etorriz, dokumentu bat egin dute COVID19aren pandemia-testuinguru honetan gehien salatutako iruzurrezko jardunbide desleialei buruz. Era berean, kezka agertu dute Internet bidez produktuak merkaturatzen dituzten plataformetan kontsumitzaileentzat eta erabiltzaileentzat engainagarriak, oldarkorrak eta abusuzkoak diren merkataritza-jarduerak ugaritu baitira, batik bat babes-maskaren, norbera babesteko ekipamenduen, detergenteen edo beste substantzia desinfektatzaile batzuen inguruan.

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak honako gomendio hauek egin nahi dizkie Euskadiko kontsumitzaileei:

Ez fidatu eskaintzetan erabiltzen diren lengoaiak edo irudiek, modu esplizituan edo inplizituan, iradokitzen badute produktu batek COVID19 bidezko infekzioa senda edo saihets dezakeela.

Sinesgarritasun osoa kendu osasun-arloko profesionalak, adituak edo bestelako iturri ez-ofizialak erreferentzia gisa erabiltzen dituzten orriei, baldin eta orri horiek adierazten badute produktu batek koronabirusak eragindako infekzioa saihets edo senda dezakeela.

Era berean, ez fidatu merkaturatzen den produktuaren propietate babesleak edo sendagarriak ustez babesten dituzten gobernu-agintarien, aditu ofizialen edo nazioarteko erakundeen erreferentziez, izen bidezkoak izan edo logotipo bidezkoak izan. Agintaritzek ez dituzte produktuak gomendatzen. Horien informazioa soilik bermatuta dago web-gune ofizialetan agertzen denean, edo modu ofizialean igorritako dokumentuetan agertzen denean.

Era berean, ez dira konfiantzazkoak kontsumitzaileen gomendioen edo iritzien bidez sustatzen diren web-guneak edo produktuak, baldin eta COVID19aren aurka babesteko produktu edo zerbitzu baten eraginkortasunari buruzko baieztapenak egiten badituzte.

Erabateko mesfidantzarako beste datu bat da hausnarketarik gabeko erosketa inpultsiboa bilatzen duten premia-adierazpenen ugalketa, hau da, "gaur bakarrik eskura daiteke", "azkar agortzen da" eta antzeko adierazpenen ugalketa.

Ez fidatu merkatuko baldintzak aipatzen dituzten web-guneekin, hala nola "merkatuko preziorik onena", "COVID-19aren infekzioak senda ditzakeen produktu bakarra" edo antzekoak.

Ez da web-gune fidagarria bere eskaintzaren kostua antzeko produktuen ohiko prezioaren oso gainetik dagoela adierazten duena, ustez COVID-19aren infekzioa saihestuko duen edo sendatuko duen aitzakiarekin.

Informazio pertsonala eskatzen den guztietan, informazio pertsonala eskatzeko benetako beharra egiaztatu behar da. Produktu edo zerbitzu bati buruzko informazioa jasotzeko gure informazioa eskatzen badigute, ziurrenik iruzur baten aurrean egongo gara.

Era berean, baztertu egin behar dira produktua edo zerbitzua eskuratzeko aplikazioren bat deskargatzera behartzen duten web-guneak edo produktuak.

Egoera horien aurrean, kontsumitzaileek Interneteko plataformetan adierazpen engainagarriak dituzten edo abusuzko kontratazio-baldintzak dituzten produktuak edo zerbitzuak aurkitzen dituztenean, plataformek eskaintzen dituzten tresnak erabili behar dituzte eduki desegokia salatzeko.

Halaber, jardunbide horien berri eman dakieke agintariei www.kontsumobide.eus web-gunean, edo, delituren bat egin dela susmatzen bada, Ertzaintzari jakinaraz dakioke, salaketak jartzeko ohiko bideetatik.