Hemen zaude

Kontsumobidek 'jardunbide eztabaidagarriak' antzeman ditu zenbait aire-konpainiatan

Larunbata, Martxoa 28, 2020

Kontsumobidek eztabaidagarriak izan daitezkeen jardunbideak antzeman ditu aire-konpainietan, eta kontsumitzaileak jardunbide horien ondoriozko kontsultak eta erreklamazioak egiten ari dira.

Hau da operatiboa: pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, hegaldi asko bertan behera geratu behar diren arren, airelineek ez dituzte azken unera arte bertan behera uzten hegaldi horiek, eta, zenbaitetan, bidaiatzeko asmoa zuten pertsonak kezkatu egiten dira, eta ez dakite ondo nola jokatu.

Une honetan, aire-konpainia batzuk aurreratzen ari dira, eta hegaldiak bertan behera utzi baino lehen, bezeroei hegaldi edo data alternatiboak eskaintzen dizkiete, baita bidaiatzeko txartelaren zenbateko bereko baleak ere, askotan gozamen-aldi mugatu bat dutenak. Kasu horretan, bi aldeen arteko itun baten aurrean gaude. Konpainiaren jarduera zuzena da, eta erabiltzaileak erabaki beharko du konpainiaren eskaintza komeni zaion ala ez. Aditzera eman behar da konpainiek, batzuetan, hegaldiaren data aldatzea eskaintzen dutela, baina gehigarri bat eskatzen dutela.

Kontsumobidek hautemandako balizko irregulartasunetako bat hau da: konpainiak, balizko ezeztapen bati aurrea hartuta, bidaiariari aukera ematen dio hegaldiaren data aldatzeko edo dirua itzultzeko. Kontsumobidek jakin du, bidaiariak dirua itzultzea aukeratzen duenean, batzuetan diruaren ordez bale bat jasotzen duela. Konpainiak aldez aurretik adierazi behar zion bidaiariari itzulketa bale baten bidez egingo zuela, bidaiariak erabakia hartzeko datu guztiak izan zitzan. Kontsumobideren iritziz, jardunbide hori ez da zuzena, emandako informazioa ez baitator bat benetako eskaintzarekin, eta arlo horretan esku hartuko du. Lehenik eta behin, Kontsumobide ahaleginduko da bitartekaritza egiten, eta bitartekaritza horrek emaitzarik ematen ez badu, airelineen jardunak kontsumoaren arloko arauak hausten dituen aztertuko du. Horren arabera jardungo du.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu, konpainiak hegaldia bertan behera uzten badu, behartuta dagoela bidaia-txartelaren zenbatekoa itzultzera (ez, ordea, kalte-ordaina ematera, hegaldia ezohiko inguruabarren ondorioz geratu baita bertan behera). Kasu horietan, AESA Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia da erreklamazioak egiteko agintaritza eskuduna.

Aintzat hartu behar da bidaiarien eskubideei buruzko 261 Erregelamenduak, Europako Batzordearen interpretazioaren arabera, ez dituela barnean hartzen pertsonak bidaiatu ezin diren egoerak edo beren ekimenez bidaia bertan behera utzi nahi duten pertsonen egoerak. Erregelamenduan jasota daude aire-konpainiek bertan behera utzitako hegaldien eraginpean dauden aire-bidaiarien eskubideak, eta horien artean daude diru-itzulketa edo azken helmugara arteko garraio alternatiboa.

Aurrekoa gorabehera, Kontsumo Ministerioak nabarmendu du Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratzearen ondorioz —edo Espainiatik datozen herritarrak hirugarren herrialdeetara sartzeko izan ditzaketen murrizketen ondorioz— mugimendurako ezarritako muga zehatzak salbuespenezko inguruabartzat jo beharko direla, eta muga horiek kontsumitzaileei hegaldiak zigorrik gabe ezerezteko eskubidea eragingo dutela, baita ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskubidea ere. Bide judizialean ere erreklamatu ahal izango dira eskubide horiek.