
Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuak DUCHA CONFORT marka komertzialarekin diharduten SINTAGMAL 2015 eta IBER HOME 2015 enpresen merkataritza-praktikei buruzko informazio-espedientea hastea erabaki du. Espediente hori zigortzailea izango da, eta, haren ondorioz, iruzurraren zentzuzko zantzuak antzematen badira, Kontsumoko Euskal Institutuak fiskaltzara bidaliko du berriro, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren arabera.
Kontsumobidek erabaki hau hartu du aipatutako enpresen aurkako erreklamazioak ugaritu egin direlako. Kontsumoko Euskal Institutuak gehiegizko klausulak antzeman ditu kontratuetan, obrak hasteko epe luzeegiak eta aurretik kobratutako obrak ez egikaritzea.
Orain arte, Sintagmal 2015 enpresak 21 erreklamazio jaso ditu EAEn, lurralde-bulego, KIUB eta kontsumitzaile-elkarte guztietan, eta horietatik 3k zehapen-proposamenak dituzte.
Bestalde, Iber Home enpresak 37 erreklamazio jaso ditu guztira EAE osoan, lurralde-bulegoetan, udal-bulegoetan eta elkarteetan, eta hiru zehapen-proposamen egin ditu orain arte.
Kontsumobidek jasotako erreklamazioen zabalkundea egiten du, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 52. artikuluak jasotzen duen bezala, kontsumo-arloko eskubideak indartzeko, kasu honetan informazio-arlokoak. Estatutuaren arabera, “Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuak erreklamazioen eta haien zergatien zabalkundea egin ahal izango du, baita ukitutako enpresena eta sektoreena ere, baldin eta hori egitea komenigarria bada kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna, segurtasuna edo interes ekonomikoak eta sozialak bermatzeko edo haien informazio-eskubidea bermatzeko”.