Hemen zaude

Kontsumobidek beste kanpaina iruzurgile bat detektatu du Bilbon LED instalazioak saltzeko

Astelehena, Azaroa 18, 2019

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, berriz ere, legez kontrako salmenta-praktikak detektatu ditu LED instalazioen salmentan, oraingo honetan Bilboko ingurunean. Enpresa baten izenean etxez etxeko bisitak egiten dituzte, informatzeko legez betebehar bat dagoela etxeetako bonbillen ordez Led lanparak ipintzeko. Enpresarekin kontratatzea da helburua. Kontsumobidek azpimarratu egin behar du, berriz ere, legez ez dagoela inolako bonbillarik ordezteko betebeharrik eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dagoela inolako dirulaguntzarik bonbilla horien ordez LED lanparak ipintzeko.

Kontsumobidek gogorarazi behar du etxez etxeko bisita komertzialen aurrean hobe dela are eta zuhurtasun handienaz jokatzea; ez ezer sinatzea momentuan; egun pare bat itxarotea halakorik egitea erabakitzeko eta, jakina, ordaintzeko dirurik ez aurreratzea. Bestalde, ez dago gure etxeko atea zabaltzeko betebeharrik inolako bisita komertziali, gure ekintzaren baten ondoriozko bisita bat izanda ere. Gainera, gogora ekarri beharra dago ez direla eman behar ez datu pertsonalak ez bankukoak.

Azkenik, aipatu beharra dago etxez etxeko salmentetan iritziz aldatzeko eta kontratua deuseztatzeko eskubidea dugula (atzera egiteko eskubidea). Epea 14 egunekoa da. Kontratua deuseztatzeko edo uko egiteko atzera egite formulario bat bete behar da, kontratuarekin batera doana, eta enpresara bidali behar da posta elektroniko edo burofax bidez. Garrantzizkoa da adieraztea kontratuaren atzera egiteak obrak egin edo lanparak ordezten hasi aurretik izan behar duela. Kontratuari lotutako finantzazio bat sinatu bada, hori ere deuseztatuta geratuko da atzera egite eskubidea erabilitakoan.

Edozein lege-hausteren aurrean, edo horrela ulertzen bada, erreklamazio bat aurkez daiteke Kontsumobiden, gertuen duzun KIUBen, Kontsumitzaileen elkarteetan edo online www.kontsumobide.eus.

Egilea: Kontsumobide

https://www.kontsumobide.euskadi.eus/albistea/-/prentsa_oharra/2019/kontsumobidek-beste-kanpaina-iruzurgile-bat-detektatu-du-bilbon-led-instalazioak-saltzeko/