Hemen zaude

Inkestatutako nagusien % 77k ez daki produktu berrien legezko bermea bi urtekoa dela

Asteartea, Azaroa 8, 2016
Inkestatutako nagusien % 77k ez daki produktu berrien legezko bermea bi urtekoa dela

Kontsumobidek galdeketa bat egin du jakiteko ea zenbateraino dakiten berme, matxura eta konponketen inguruko kontuen inguruan

Nagusien % 77k ez daki produktu berrien legezko bermea bi urtekoa dela. Zehatzago esanda, erdiak baino gehiagok uste du ez dela beti berdina, aldatu egiten dela produktuaren arabera; eta, bostetik batek, berriz, bermea sei hilabete edo urtebetekoa dela uste du, oker. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak galdeketa bat egin du, gure nagusiek berme, matxura eta konponketen inguruan zenbateraino dakiten jakiteko, eta horiexek emaitzak.

Beste datu batzuek erakutsi dute beste zenbait ideia garbi dauzkatela, esate baterako, gauza bat dela legezko bermea eta beste bat berme komertziala. % 86k badaki legezko bermea derrigorrezkoa dela, eta % 71k, berriz, ulertzen du komertziala osagarria dela, enpresak eskain dezakeen gehigarri bat.

Konponketez arduratzen diren Laguntza Teknikoko Zerbitzuen inguruan (LTZ), ordea, datuek erakusten dute nahikotxo zalantza dagoela oinarrizko hainbat kontzepturen gainean. Erdiak bakarrik uste du berme-aldian egiten diren konponketak dohainekoak direla erabat, eta, hortaz, ahal diren gastu gehienak direla doakoak, baita joan-etorriak ere. Eta % 37k soilik daki akatsa konpontzen den bitartean eten egiten dela legezko berme-urteen zenbaketa.

Eta zer gertatzen da LTZk bermealdiaren ondoren egiten dituen konponketetan? Horretaz ere galdetu dute, eta, itxura denez, % 90ek badaki hasi baino lehen aurrekontua eskatzeko eskubidea duela, baina % 37k besterik ez daki enpresak aurrekontu hori egin izana kobratu ahal izango diola azkenean ez baldin badu konponketa kontratatzen. Hamarretik bederatzik badaki LTZk derrigorra duela ordezko piezak edukitzea beste bost urtez gutxienez dena delako modeloa egiteari uzten diotenetik. Baina % 43k bakarrik uste du konponketa-enpresek bigarren eskuko piezak ere erabil ditzaketela; hori bai, perfektu baldin badaude eta kontsumitzaileak berariaz adierazten badu baietz, konforme dagoela.

Galdeketan garbi geratu da gorabehera asko gertatzen dela bermeen inguruan edo konponketen harira. % 94k esaten du baietz, inoiz izan duela arazorik, baina hamarretik bederatzik dio azkenean konpondu zela eta konforme geratu zela.

Adinekoak eta Laguntza Teknikoko Zerbitzuak (LZT). Bermeak, matxurak eta konponketak galdeketa 2016an egin da, otsaila eta ekaina bitartean, Kontsumobidek kontsumoaren arloan adinekoentzat antolatutako prestakuntza-programan parte hartzen ari zirenen artean, eta 263 lagunek erantzun dute. Inkesta bete dutenen % 77 emakumezkoa zen, eta ez harritu, horrelako prestakuntza-jardueretan emakumezko gehiago izaten baita. % 56k 70 urte baino gehiago zeukan.