Hemen zaude

Ibilgailuak konpontzeko tailerrak

Larunbata, Azaroa 2, 2019

Autoa egoera onean mantentzea ezinbestekoa da gidarien segurtasunerako. Matxurak konpontzeak eta autoa behar bezala zaintzeak nabarmen gutxitzen dute trafiko-istripuen kopurua. Komenigarria da kontsumitzaileak jakitea gai honetan zer eskubide dituen, egin beharreko edozein konponketa berme eta segurtasun osoz egiteko.

Tailer-mota

Autoak fabrikatik dakartzan osagaiak ordezkatzen edo aldatzen dituzten lantegi oro dira konponketa-lantegiak. Hori kontuan hartuta, bi tailer-mota bereizten dira:

Tailer generikoak edo independenteak, hau da, fabrikatzaile bati lotuta ez daudenak. Mota horretako tailerrek ezin diote zuzeneko aipamenik egin kontsumitzaileari nahasmendua eragin diezaiokeen inolako markari.

Tailer ofizialak, autoaren fabrika-markari lotuak.

Konponketa-motaren arabera ere sailkatzen dira tailerrak. Hala, tailer-mota hauek daude:

Mekanika-tailerrak.

Elektrizitate-tailerrak.

Karrozeria-tailerrak.

Pintura-tailerrak.

Era berean, motozikletak edo hiru gurpileko ibilgailuak soilik konpontzen aritzen diren tailerrak daude, eta ibilgailuaren ekipamendu edo sistema zehatz batzuk konpontzera edo ordeztera mugatzen direnak ere bai.

Onartzeko eskubidea

Kontzesionarioaren markakoak ez diren ibilgailuak onartzeko eskubidea erreserba dezakete tailer ofizialek.

Derrigorrezko informazioa eta tailerra aukeratzeko eskubidea

Tailerrek jendearen eskura izan behar dituzte honako informazio hau:

Konponketetan erabiltzen dituzten ordezko piezen tarifak eta katalogo eguneratuak.

Aurrez zehaztu daitezkeen lan edo eragiketen iraupena eta haien zenbatekoa (eurotan) jasotzen dituzten taulak.

Erreklamazio-orriak.

Frogagirietan, aurrekontuetan, fakturetan edo tailerrek eman ohi dituzten beste edozein agiri-motatan, erabiltzaileen eskubideei eragiten dieten klausulak 1,5 milimetro baino letra-tamaina handiagoan idatzi behar dira.

Tailerra aukeratzeko eskubidea

Ibilgailua konpontzeko, aukera dezakezu markako tailer ofiziala edo beste edozein tailer. 2010. urtean 461/2010 (EB) Erregelamendua sartu zen indarrean. Erregelamendu horren bidez, markako tailer ofizialen eta tailer independenteen arteko lehia sustatu nahi du Europako Batzordeak, kontsumitzaileentzat prezioak murrizteko helburuarekin. Arau horren arabera, ibilgailuaren bermeak estaltzen ez dituen mantentze-lanak eta konponketak edozein tailer independentetan egin ditzakezu, berme hori galdu gabe.

Baina, bermea ez galtzeko, tailerrak mantentze-lanak edo konponketa ongi eta fabrikatzailearen jarraibideen arabera egiteko beharrezko informazio teknikoa, ezagupenak, ordezko piezak (marka berekoak edo homologatuak) eta lanabesak dituela egiaztatu behar duzu. Osterantzean, litekeena da fabrikatzaileak bermea atzera botatzea, haren tailer-saretik kanpo egindako mantentze-lanak eta konponketak akastunak direla uste badu eta hala frogatzen badu.

Aurrekontua eta autoaren gordailutze-frogagiria

Konponketa egin aurretik, idatzizko aurrekontua izateko eskubidea duzu. Gutxienez 12 egun balioduneko indarraldia izan behar du aurrekontuak, eta datu hauek jaso behar ditu:

Tailerraren Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta helbidea.

Erabiltzailearen izena eta helbidea.

Ibilgailuaren identifikazioa: marka, modeloa, matrikula eta egindako kilometro-kopurua.

Egin behar diren konponketak, konpondu edo ordeztu behar diren elementuak edota beste edozein lan, eta guztizko diru-zenbateko banakatua.

Data eta zerbitzua ematen duenaren sinadura.

Konpondutako ibilgailua entregatzeko aurreikusitako data.

Aurrekontuaren balio-epea.

Tarte bat, erabiltzaileak onarpen-data eta bere sinadura jartzeko.

Aurrekontua onartzen ez baduzu, aurrekontua egin aurretik entregatu zenion baldintza beretan itzuli behar dizu autoa tailerrak.

Autoa konpontzean matxura edo akats ezkutuak agertzen badira, tailerrak jakinarazi behar dizu, gehienez ere, 48 orduko epean, eta konponketaren zenbatekoaren berri ere eman behar dizu, baina ezin izango du konponketa egin, zure baimena izan ezean.

Autoaren gordailutze-frogagiria

Ibilgailua tailerrean uztean, tailerrak gordailutze-frogagiria eman behar dizu. Frogagirian, tailerraren, ibilgailuaren eta bezeroaren identifikazio-datuez gain, informazio hau jaso behar da:

Egingo den konponketa edota zerbitzuaren deskribapen laburra eta haien zenbatekoak, ezagutzen badira, autoa konpontzeko utzi bada.

Eskatutako aurrekontua edo, konpondu eta gero, ibilgailua entregatzeko aurreikusten den data.

Data eta zerbitzua ematen duenaren sinadura

Frogagiria aurkeztu behar duzu aurrekontua edo konpondutako ibilgailua jasotzera joatean. Enkargua edozein unetan bertan behera uzteko eskubidea duzu, baina ibilgailua jaso arte egindako lanen diru-zenbatekoa ordaindu behar dizu tailerrari.

Faktura eta konponketaren bermea

Fakturan agertu behar dira honako datu hauek:

Egindako eragiketak.

Erabilitako ordezko piezak edo elementuak.

Konpontzen emandako orduak.

Kontzeptu horietako bakoitzaren zenbatekoak.

Soilik kobra daitezke ibilgailuak tailerrean egindako denboragatiko gastuak:

Aurrekontua onartzen edo errefusatzen duzun esan ez baduzu.

Konpondu eta gero, ibilgailua hiru egun baliodunean erretiratu ez baduzu.

Bermeari dagokionez, edozein tailerretan egindako konponketa edo instalazio orok, gutxienez ere:

Hiru hilabeteko edo 2.000 kilometroko bermea du.

15 eguneko edo 2.000 kilometroko bermea du, ibilgailu industrialen kasuan.

Hala ere, konponketan jarritako piezek berme-epe luzeagoa baldin badute, piezetarako iraunaldi luzeena duenak aginduko du.

Konponketaren berme-epea ibilgailua entregatzen denetik aurrera sartzen da indarrean, eta lehen aipatutako iraunaldia izango du, baldin eta hirugarren batek manipulatu edo konpondu ez badu. Bermea bere osotasunean ulertu behar da, gehitutako materialak eta eskulana barne, eta sor daitezkeen gastu eratorri guztiei eragiten die: ibilgailuaren garraioa, langileen joan-etorriak edo eskulana, kasu.

Erreklamazioa nola egin

Autoak konpontzeko tailer guztiek erreklamazio-orriak eduki behar dituzte erabiltzaileen eskura.

Erreklamazioa egin eta gero, jatorrizko orria kontsumo gaietan eskumena duen agintari bati entregatu behar dizu, gehienez ere, bi hilabeteko epearen barruan, ibilgailua entregatu dizunetik kontatzen hasita edo, hala badagokio, bermea amaitzen denetik kontatzen hasita.

Gomendioak

Eduki kotxea egoera onean, eta egin egin beharreko konponketa guztiak.

Egiaztatu tailerrak legeak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela.

Egiaztatu tarifak argiak direla.

Exijitu ibilgailuak eginak dituen kilometroak eta tailerrari enkargatutako lanak jasota dituen frogagiria.

Beti eskatu faktura, bermea baliatzeko ezinbesteko froga baita.

http://www.kontsumobide.euskadi.eus/gaiak-zerbitzuak/-/kontsumoko-gaiak-ibilgailuak-konpontzeko-tailerrak/