Hemen zaude

Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren, salaketaren ondoren Kontsumobidek 100.000 euroko isuna jarri dio Telefónicari Movistar Fusión paketearen prezioak igotzeagatik

Asteartea, Ekaina 27, 2017
Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren, salaketaren ondoren Kontsumobidek 100.000 euroko isuna jarri dio Telefónicari Movistar Fusión paketearen prezioak igotzeagatik

Ebazpenak zehapenaren publizitatea egitera ere behartzen du, eredugarritasun-arrazoiengatik eta etorkizunean jokabide arau-hauslerik izan ez dadin

Kontsumobidek 100.000 euroko isuna jarri dio Telefónicari 2015ean Movistar Fusión paketearen tarifa igotzeagatik. Enpresak pakete telefoniko hori 2012an merkaturatu zuen, eta publizitatean "azken prezioak eta betiko" zirela esaten zuen. Hala ere, 2015eko maiatzaren 5etik aurrera fakturak 5 euro garestitzea erabaki zuen, alde bakarrez.

Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak (EHKB) praktika komertzial horren kontrako salaketa bat aurkeztu zuen, eta Kontsumoko Euskal Institutuak zehapen-espediente bat irekitzea erabaki zuen, enpresak kontsumitzaileak babesten dituen araudia urratu ote zuen erabakitzeko.

Enpresaren jardunbidea Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen arau-haustetzat jo da, produktuak saltzean "informazio edo publizitateari buruzko egiatasun-beharra" ez betetzeagatik, ez dituzten kalitateak edo ezaugarriak egotzita –kasu honetan, benetakoak izan ez diren “azken prezioak eta betiko" publizitatzeagatik– eta "hartzaileek era batera edo bestera oker ulertzea eragiten duen edo eragin dezakeen publizitatea" egiteagatik, kontsumitzaileei tarifa hori ez zela inoiz aldatuko pentsarazi baitzieten.

Arau-haustea larritzat jo da, EAEn eragindako pertsonen kopurua handia izan baita. Movistar Fusión 2012an merkaturatu zenetik 2015ean prezioak igo ziren arte, EAEko ia 130.000 herritarrek kontratatu zuten Telefónicaren pakete hori.

Halaber, zehapen-ebazpenak zehapenaren publizitatea egiteko betebeharra ezartzen du, administrazio-bidean irmoa denean; erabaki hori "eredugarritasun-arrazoiengatik" eta "etorkizunean jokabide arau-hauslerik izan ez dadin" hartu da. Iragarkia gaur, ekainak 27, argitaratu da EHAAn.