Hemen zaude

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arbitraje-laudo baten baliozkotasuna berretsi du

Igandea, Azaroa 21, 2021

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du arbitraje-laudo bat baliogabetzeko eskatzen zuen festa-jantzien denda-kate baten demanda. Denda-kateak argudiatu zuen bezeroaren arrazoia, Covid 19a hain zuzen ere, arbitrajearen mende jartzea erabaki zuen gaietatik kanpo zegoela.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak honako hau gogoratzen du epaian: «Kontuan izan behar da arbitraje-erakundearen funtzio bereziak eta arbitraje-hitzarmenaren eragin negatiboak printzipioz debekatzen dutela jurisdikzio-organoen esku-hartzea gatazkak judizioz kanpo konpontzeko sistema bat eratzeko; erakundea arautzen duen legeak berariaz aurreikusitako laguntza- edo kontrol-jardueretara mugatzen da auzitegien jarduna». Horixe bera berretsi zuen Konstituzio Auzitegiak: «Arbitrajeari buruzko Legearen 45. artikulutik ?gaur egun abenduaren 23ko 60/2003 Legearen 41. artikulua? erator daitekeen kontrol judiziala laudoaren kanpoko alderdira mugatzen da, eta ez arbitrajearen mende jarritako gaiaren funtsera, aurreikusitako berrikuspen-kausak tasatuta daudelako eta horiek berme formaletara mugatzen direlako» (Konstituzio Auzitegiaren 174/1995 Epaia, azaroaren 23koa). Edo, bestela esanda: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egiten du Arbitrajearen Euskal Zerbitzuko auzitegiek emandako erabakien baliozkotasuna eta legezkotasuna.

Arbitrajerako jarritako gaian, bezero batek festa-jantzi bat egitea kontratatu zuen, baina festa ez zen ospatu Covid zela eta. Bezeroak aurreratutako zenbatekoak itzultzeko eskatu zuen, eta denda-kateak uko egin zion. Horregatik, arbitrajea eskatzeko demanda aurkeztu zen. Arbitraje-laudoaren arabera, denda-kateak erreklamatutako zenbatekoak itzuli behar zituen. Denda-kate horrek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari alegatu zionez, egia zen 3.000 eurotik beherako erreklamazioetarako arbitrajearen mende jartzen zirela, baina argudiatutako arrazoirako (Covid-a) laudoa ez zen egokia. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak argi adierazi du arbitraje-laudoa baliozkoa dela, eta kostuak ezarri dizkio denda-kateari.