Hemen zaude

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai batek pertsonek aireko bidaietan dituzten eskubideak indartzen ditu.

Osteguna, Abuztua 8, 2019

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako irizpenaren arabera, lotura zuzen bat edo gehiago dituen bidaia bat kontratu bakarrean gauzatu bada, konpentsazioaren ondorioetarako bidaia bakarra izango da.

Epai hori Txekiatik Bangkokerainoko bidaia baten ondorioz eman da. Bidaia horretan, eskala bat egin zen Abu Dabin. Lehenengo hegaldia, Praga-Abu Dabi, Ceské aerolinie konpainiarena, aurreikusitakoaren arabera gauzatu zen; hala ere, Abu Dabi-Bangkok loturak 7 ordu eta hiru laurdeneko atzerapena izan zuen. Hegaldi hori tokiko airelinea ez-komunitario batek eskaintzen zuen. Erreklamazio bat aurkeztu ostean, Ceské aerolinie konpainiak Arautegian aurreikusitako ordainketa egiteari uko egin zion, atzerapena beste airelinea batek eskainitako hegaldi batean gertatu zenez, konpainia txekiarra ez baitzen atzerapen horren arduraduntzat jotzen.

Justizia Auzitegiak, hala ere, gogorarazi du “lotura zuzen bat edo gehiago dituen bidaia bat kontratu bakarrean gauzatu bada, konpentsaziorako eskubideari dagokionez, unitate bakarra osatzen duela[i]. Hori horrela, lotura zuzena duen eta bere lehenengo hegaldia estatu kide baten lurraldean dagoen aireportu batetik irten den —kasu honetan, Pragatik— bidaia bat Arautegiaren aplikazio-esparruan sartzen da, bidaia horren lotura zuzeneko bigarren hegaldia aireko garraiolari ez-komunitario batek gauzatu badu ere eta hegaldia Europa Batasunari dagokionez hirugarren estatu batetik beste hirugarren estatu batera egin bada ere”.

Benetan garrantzitsua da Auzitegiak azpimarratzea lehenengo hegaldiaren operadoreak kontsumitzaileei erantzun beharko die; nolanahi ere, lehenengo hegaldiaren operadoreak aurre egin behar duen konpentsazioa erreklamatu ahalko dio atzerriko operadoreari. Epai horrekin, konpainien arteko desadostasunek ez diete kontsumitzaileei eragiten.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, horrela, arautegiaren bere interpretazioa baieztatu du; albiste juridikoen webguneak 2018ko uztailean gogorarazi zuen bezala, Berlinetik abiatuta Agadirrerako helmuga zuen eta Casablancan eskala teknikoa zuen bidaia baten aurrean, norabide berean zioan epaia eman baitzen.

Atzerapenak eta konpentsazioak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko otsailaren 11ko 261/2004 (EE) Erregelamenduan arautzen dira. Horren bidez, arau erkideak ezartzen dira aireko bidaiariei ordaina eta laguntza emateko hegazkineratzea ukatzen zaienean edo hegaldia bertan behera utzi edo asko atzeratzen denean. Zehazki, 6. eta 7. artikuluetan arautzen dira atzerapenak eta konpentsazioak. Azken horiek, distantziaren eta atzerapenaren arabera, 250 eta 600 euro bitartekoak izango dira; epaiak hizpide duen kasuan bezala.

 

Epaiaren testu osoa

[i] 261/2004 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko otsailaren 11koa, arau erkideak ezartzen dituena aireko bidaiariei ordaina eta laguntza emateko hegazkineratzea ukatzen zaienean edo hegaldia bertan behera utzi edo asko atzeratzen denean, eta 295/91 (EEE) Erregelamendua indargabetzen duena (2004 AO L 46, 1 or.)

Egilea:Kontsumobide