Hemen zaude

Europako Batzordea Booking ikertzen ari da, iruzurrak eta engainuak prebenitzeko neurrietan egon daitezkeen gabeziengatik

Asteazkena, Azaroa 11, 2026

Europako Batzordeak ikerketa formal bat hasi du Booking.com erreserba-plataformak Europar Batasuneko Zerbitzu Digitalen Legean ezarritako betebeharrak behar bezala betetzen dituen zehazteko, bereziki iruzurren prebentzioari, kontsumitzaileen babesari eta iragarkien gardentasunari dagokienez.

Ikerketaren helburua da egiaztatzea plataformak iruzurrezko iragarkiak hautemateko eta kentzeko neurri nahikoak hartu dituen. Horien artean daude existitzen ez diren ostatuak, eskaintza engainagarriak edo indarrean dagoen araudia urratzen duten iragarkiak. Era berean, aztertuko da Bookingek jardunbide horiekin lotutako arriskuak behar bezala identifikatzen dituen eta horiek prebenitzeko modu eraginkorrean jarduten duen.

Europako Batzordeak aztertuko duen beste alderdi bat datu pertsonalen eta erreserben informazioaren babesa da, iruzur-saiakeren aurrean. Bereziki, phishing izenez ezagutzen diren iruzurrak ikertuko dira. Horien bidez, zibergaizkileek turismo-establezimenduen edo plataformaren beraren nortasuna ordezka dezakete, iruzurrezko ordainketak eskatzeko edo informazio pertsonala eta banku-datuak lortzeko.

Horretarako, Europako agintariek Booking plataformaren eta ostatuen artean erreserben datuak nola partekatzen diren aztertuko dute, baita plataformaren mezularitza-sistemaren funtzionamendua ere. Helburua da informazioaren erabilera desegokiak saihesteko segurtasun-mekanismo nahikoak dauden egiaztatzea.

Ikerketak publizitatearen gardentasuna ere aztertuko du. Europako Batzordeak egiaztatu nahi du erabiltzaileek argi bereiz ditzaketela bilaketa-emaitzetan duten garrantziagatik agertzen diren ostatuak eta sustatzeko ordaindu dutelako posizio nabarmenetan agertzen direnak.

Prozeduran zehar, Europako Batzordeak informazio gehigarria eskatu, ikuskapenak egin eta behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu, beharrezkotzat jotzen badu. Hala ere, ikerketa irekitzeak ez du esan nahi arau-hauste bat frogatu denik; aitzitik, plataformak Europako araudian ezarritako betebeharrak betetzen dituen zehaztea du helburu.

EHKBtik gogorarazten dugu garrantzitsua dela Internet bidez ostatu-erreserbak egitean arreta handiz jokatzea. Gomendagarria da iragarkien benetakotasuna egiaztatzea, ustekabeko ordainketa-eskaerekin kontuz ibiltzea, kanal ofizialetatik kanpo transferentziarik ez egitea eta edozein komunikazio susmagarri zuzenean establezimenduarekin edo plataformarekin egiaztatzea.

Erreserba digitalen segurtasuna eta informazioaren gardentasuna funtsezkoak dira kontsumitzaileek turismo-zerbitzuak konfiantzaz kontratatu ahal izateko eta beren eskubideak baliatzeko.