Hemen zaude

Erreklamazioen erdia baino gehiago akordio batean amaitzen dira Kontsumobideren bitartekaritzarekin

Asteartea, Urtarrila 21, 2020
Kontsumobidek akordioen % 57ko tasa gainditu du 2019an bitartekari izan zen erreklamazioetan  
Joan den urtean Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuak guztira 3.677 akordio lortu ditu kontsumitzaileen eta erreklamatutako enpresa eta establezimenduen artean. Hau da, Kontsumobide bitartekari izan zen erreklamazio guztien % 57.
Akordioa lortzeko, Kontsumobidek hartzen duen aurreneko ekintza da bitartekaritza, kontsumitzaile batek aurkeztutako erreklamazio bat jasotzen duenean. Lortutako 3.677 akordioetatik, 3.185 kasutan erabatekoa izan da akordioa; 492 kasutan, berriz, akordioak neurri batean eman dio arrazoia erreklamatzaileari.
2019an Kontsumobidek 12.099 erreklamazio jaso zituen guztira eta 6.369 kasutan izan zen bitartekari. Adierazi bezala, erreklamazio gehienen emaitza akordioa izan da. Beste 578 kasutan proposatu egin zitzaien, bai erreklamatzaileari bai enpresa erreklamatuari, arbitrajera jotzea; 433 kasutan, berriz, zehapena proposatu zen erreklamatuaren aurka eta 36 ohartarazpen egin ziren gainera. 1.645 kasutan enpresa erreklamatuak ez zuen onartu erreklamazioa.
Egilea: Kontsumobide