Hemen zaude

Elkartasuna eta arreta online egiten dituzun erosketetan

Igandea, Maiatza 3, 2020

Online merkataritzak gora egin du, eta, zalantzarik gabe, beharrizanen bat dagoen kasuan, balia dezakegun tresna bat da, eta etxetik irten ezin diren edo irten beharko ez luketen pertsona askorentza lagungarria izan daiteke. Hala ere, komeni da hausnarketa egin eta, erosi aurretik, geure buruari galdera batzuk egitea. 

Elkartasuna jendearekin 

Benetan behar dugu erosten ari garena?

Galdera garrantzitsua da hori; ez dugu osasuna arriskuan jarri behar, eta pandemiak aurrera egitea eragotzi behar dugu. Eta, halaber, geure buruari galdetu behar diogu ea benetan nahi dugun erosiko duguna, hala izan ezean itzulerarik egin behar ez izateko. Pandemiaren aurretik, ordurako, Euskadin Internetetik erosten zutenen % 45ek itzuli egiten zuen erositakoa

Ondorioz pentsa dezakegu aurretik ez dugula balioesten online erosten ditugun gauza askoren beharra, edo bulkadazko erosketak direla askotan. Jarrera horrek ondorioak ditu beste pertsona batzuetan. Aurretik pentsatu eta benetan beharrezkoa dena baino ez dugu erosi behar. 

Elkartasuna gure auzoko merkataritzarekin 

Gure auzoko liburu-denda, arropa-denda, burdindegia, besteak beste, itxita daude; ezin dute ireki eta, egoera horretan, Interneteko enpresa handiek jarraitzen dute produktuak saltzen, nahiz eta premia bizikoak ez izan. Ikertu ea zure auzoko saltokiek Internet bidez saltzen duten; askok hala egiten dute, whatsapp, telefono edo beste metodo batzuen bidez, eta krisialdian lagundu egin diezaiekegu; gainera, gure auzoa leku bizia izaten jarraitzera lagunduko dugu hala. 

Babestu zure eskubideak 

Egia da legeak babestu egiten gaituela; enpresek pertsona kontsumitzailearen eskubideak bermatzeko bete behar dituzten baldintza batzuk ezartzen ditu. Egia da, halaber, online salmentako plataforma handi askok ez dutela egoitza soziala estatuan, ez eta Europar Batasunean ere. Ondorioz, oso zaila da legea bete dezatela eta zure eskubideak berma ditzatela eskatzea. Pentsatu erosi aurretik, edo ondo pentsatu non erosi. 

Erabili orrialde seguruak 

Erosteko orrialdea segurua dela ziurtatu ahal izateko zenbait formula dituzu: web-helbidearen hasieran giltzarrapo bat izan behar du, eta https:// hasiera; beste aukera bat da segurtasun hori Online Konfiantza gisa bermatzen eta fiskalizatzen duten erakundeei atxikita egotea. 

Egiaztatu nolakoa den bezeroarentzako arreta 

Online salmentako plataformek zenbait betebehar dituzte erosketaren aurretik eman behar dituzten informazioaren inguruan. Zenbait gairi buruzko informazioa eman behar dizu: atzera egiteko eskubidea, itzultzeko prozesua, azken prezioa etab. Egiaztatu dena dagoela zuzen. 

Beharbada ideia egokia izan daiteke erosi aurretik egiaztatzea zalantzak argitzeko telefono-zenbakirik ote duen, eta telefono hori tarifikazio berezikoa edo nazioartekoa den. Halaber komeni da harremanetan jartzeko helbide elektronikorik ote duen egiaztatzea, besteak beste. 

Laburbilduz, zuhurra izan, inguruko jendearengan pentsatu eta beharrezkoa dena baino ez erosi. 

Lotura duten beste esteka batzuk

Kontsumobidek online merkataritzaren gorakadari buruz emandako gomendioak