Hemen zaude

EHUk kontsumo eskubideei buruzko graduondoko berri bat aurkeztu du

Larunbata, Maiatza 24, 2025

Egilea: EITB

Kontsumo-ohitura berrien eta eraldaketa teknologikoaren erronkei aurre egiteko funtsezko tresna izango da. Izen-ematea datorren astean irekiko da.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Alberto Emparanza EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoak hartu dute parte Bilbon egin den aurkezpenean. Graduondoko berria unibertsitateko graduondokoen artean eskainiko dute.

Ekimen hau Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eta EHUren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, eta prestakuntza, jasangarritasuna eta erantzukizun soziala sustatzea izango du helburu nagusi. Gainera, Euskadiko Kontsumitzaileen Batasuna (UCE) eta Euskadiko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkartea (EKA/ACUV) ere aritu dira lankidetzan.

Sailburuaren esanetan, "kontsumoaren arloan espezializatutako profesionalak prestatzea funtsezkoa da administrazioarekin eta kontsumitzaileen elkarteekin elkarlanean aritzeko, herritarren eskubideak babesteko". Graduondokoak ikuspegi juridikoa izango du, baina beste diziplina batzuei ere egongo da irekita, komunikazioari eta dibulgazioari esaterako.

Graduondokoak sektore pribatuko enpresen parte-hartzea ere bilatuko du, kontsumo arloan prestakuntza sustatzeko. "Langileek kontsumoari buruzko ezagutza izatea garrantzitsua da, euren jardun komertziala eskubideak errespetatuz egiteko", nabarmendu du sailburuak.

Azkenik, Hurtadok azpimarratu du graduondoko hau tresna egokia izango dela kontsumo-ohitura berrien eta eraldaketa teknologikoaren erronkei aurre egiteko. Matrikulazioa datorren astean irekiko da: lehen epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik, eta plazak libre baleude, bigarren epea irailaren 15era arte.