Hemen zaude

Doako bidalketa da dagoeneko Internet bidezko erosketetan aukerarik ohikoena

Asteartea, Ekaina 30, 2026
Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (CNMC) Etxeen Panelaren azken txostenak berretsi du doako bidalketa Internet bidezko erosketetan ohiko praktika bihurtu dela. 2025eko laugarren hiruhilekoari dagozkion datuen arabera, hamar kontsumitzailetik zortzik baino gehiagok ez zuten bidalketa-gasturik ordaindu online egindako azken erosketan.
 
Hazkunde hori, batez ere, merkataritza elektronikoko plataformen estrategia komertzialei zor zaie. Plataforma horiek doako bidalketak eskaintzen dituzte gutxieneko erosketa-zenbateko batetik aurrera, sustapen berezien bidez edo harpidetza-programen bitartez. Horren ondorioz, gero eta pertsona gehiagok doako bidalketa ohiko zerbitzutzat hartzen dute erosketak egitean.
 
Azterlanak, gainera, erakusten du plataforma handiek merkataritza elektronikoaren zati handi bat biltzen jarraitzen dutela, eta etxean jasotzea dela oraindik ere kontsumitzaileek beren eskaerak jasotzeko gehien erabiltzen duten aukera.
 
Hala ere, txostenak adierazten du banaketa-zerbitzuan oraindik hobetu beharreko alderdiak daudela. Gorabehera ohikoenak hartzailea etxean egon arren banaketa-saiakera egin ezin izan dela adierazten duten abisu okerrak dira; ondoren, paketeen galera edo hondatzea da gehien errepikatzen den arazoa. Datu horiek agerian uzten dute banaketa-zerbitzuaren kalitatea hobetzen eta kontsumitzaileen eskubideak bermatzen jarraitzeko beharra, erosketa- eta entrega-prozesu osoan zehar.