Hemen zaude

DGTaren izenean bidalitako iruzurrezko mezu elektroniko eta SMSen bidez datu pertsonalak eta banku-datuak lapurtzen ari direla ohartarazi dute

Asteartea, Azaroa 3, 2026

Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak (INCIBE) iruzur-kanpaina baten berri eman du. Kanpaina horretan, zibergaizkileek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) nortasuna ordezkatzen dute, mezu elektronikoen eta SMSen bidez, ustezko isunen ordainketa eskatzeko eta biktimen datu pertsonalak zein banku-datuak eskuratzeko.

Iruzurrezko mezuek ordaindu gabeko ustezko isun baten berri ematen dute, eta DGTren kanal ofizialen itxura duten webgune faltsuetara bideratzen duten estekak dituzte. Webgune horietan, erabiltzaileei datu pertsonalak eta banku-datuak eskatzen zaizkie, ustezko isuna ordaintzeko.

Iruzurra eraginkorragoa izan dadin, zibergaizkileek premiazko mezuak, errekargu ekonomikoen mehatxuak eta epe laburrak erabiltzen dituzte, biktimei presioa egiteko eta komunikazioaren benetakotasuna egiaztatu gabe ordainketa egin dezaten.

Gogorarazten dugu garrantzitsua dela ustekabean jasotako ordainketa-eskaeren edo datu pertsonalak eskatzen dituzten mezuen aurrean zuhurtziaz jokatzea. Esteka susmagarrietan ez sartzea, banku-daturik ez ematea eta edozein isun DGTren kanal ofizialen bidez egiaztatzea gomendatzen dugu.

Era berean, gogorarazi behar da trafiko-isunak posta arruntaren bidez edo Bideko Helbide Elektronikoaren (DEV) bidez jakinarazten direla. Zerbitzu horretan erregistratutako pertsonek jakinarazpen elektronikoen abisuak jaso ditzaketen arren, ez dira nahastu behar SMS bidez jasotako esteken bitartez egindako ordainketa-eskaerekin.

Datu pertsonalak edo banku-datuak eman badira, ezinbestekoa da berehala banku-erakundearekin harremanetan jartzea, iruzurraren frogak gordetzea eta agintari eskudunen aurrean salaketa jartzea. Halaber, INCIBEren doako aholkularitza-zerbitzura jo daiteke, 017 telefono-zenbakiaren bidez.

EHKBKtik zpimarratzen dugu beharrezkoa dela iruzur digital mota horien aurrean arreta handiz jokatzea eta komunikazioen benetakotasuna beti egiaztatzea, gure datuak babesteko eta kalte ekonomikoak saihesteko.