Hemen zaude

Covid-19aren krisialdia dela-eta kontsumitzaileak babesteko hartu berri diren neurriak

Osteguna, Apirila 2, 2020

2020ko apirilaren 1eko BOEn, martxoaren 31ko 11/2020 Dekretua argitaratu da, non neurri espezifikoak jasotzen baitira kontsumitzaileak hainbat arlotan babesteko. 

Kontratu jakin batzuk suntsiarazteko eskubidea, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei penalizaziorik ezarri gabe. 

  • Neurri horrek produktu-erosketen eta zerbitzu-prestazioen kontratuei eragiten die, baita segidako traktuen kontratuei ere (halakoak dira, adibidez, gimnasioenak). Kontsumitzaileak 14 egun ditu kontratuaren suntsiarazpena eskatzeko, hura betetzea ezinezkoa dela dekretatzen den unetik aurrera.

    Baina lehenik eta behin zerbitzua eskaini duen edo produktua saldu duen entitatearekin negoziatu behar da, fede onean oinarrituta akordio bat egiten saiatzeko (bonuak, kontratuaren luzapena, ordezko zerbitzuak, eta abar). Kontratua betetzea ezinezkoa dela erabakitzen denetik 60 egun igaro eta akordiorik egin ez bada, kontsumitzaileak 14 egun izango ditu kontratuaren suntsiarazpena eskatzeko.

    Azkenean ezinezkoa bada kontratua betetzea, enpresak ordaindutako zenbatekoa itzuli beharko dio kontsumitzaileari. Enpresak gastuak kendu ahal izango ditu kopuru horretatik, baldin eta kontsumitzaileari behar bezala xehatuta jakinarazten badizkio. Enpresak eta kontsumitzaileak aukera daukate dekretuan adierazitakoez bestelako baldintzak adosteko.

Gimnasioak, akademiak...

  • Segidako traktuko zerbitzuen kontratuei dagokienez (gimnasioak, akademiak...), enpresa emaileak geroago berreskuratzeko zerbitzuak proposa ditzake , baina kontsumitzaileak ez onartzeko eskubidea dauka –ezin duelako edo ez duelako nahi–. Berreskuratzeko zerbitzuak onartu ezean, enpresak ordaindutako zenbatekoa itzuli behar du, zerbitzua erabili ez den egun-kopuruaren proportzio berean. Enpresak eta kontsumitzaileak erabaki dezakete, halaber, hurrengo kuotak murriztea. Halakoetan, zerbitzua berrabiarazi arte, enpresak ezin du beste ordainagiririk igorri, bi alderdiak ados ez badaude.

Bidaia konbinatuak.

  • Bidaia konbinatuak (leku bakar batean kontratatutako bi zerbitzu turistiko edo gehiago) ezerezten dituzten antolatzaileek edo bidaia-agentzia txikizkariek bonuak eskaini ahal izango dizkiete kontsumitzaileei, ordaindutako zenbatekoa bezainbestekoak edo itzuli behar izan duten zenbatekoa bezainbestekoak. Bonuak urtebeteko balioa izan beharko du, alarma-egoera bertan behera uzten den egunetik zenbatzen hasita, eta hartaz gozatzeko beharrezkoa den babes finantzarioa izango du. Urtebete igaro ondoren kontsumitzaileak ez badu bonua erabili, dirua itzul diezaiotela eskatu ahal izango du.

    Bidaia ezerezteko erreklamazioa kontsumitzaileak egin badu, antolatzaileak edo bidaia-agentzia txikizkariak ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko dizkio, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren 160.2 artikuluan ezarritako baldintzak betez. Nolanahi ere, zerbitzuen hornitzaileek itzulketarik egiten badute, beti egingo da itzulketa. Hornitzaile batek edo batzuek soilik egiten badute itzulketa, kontsumitzaileak ordaindutako zenbatekoaren zati bat jasotzeko eskubidea izango du; hain zuzen ere, hornitzaileek itzuli dituzten zenbatekoei dagokien zatia. Itzulketa-epea 60 egun izango da, kontratua suntsiarazten den egunetik edo hornitzaileek itzulketa egiten duten egunetik zenbatzen hasita.

Informazio gehiago