Hemen zaude

Black Friday: arduraz erosteko gomendioak

Astelehena, Azaroa 21, 2016

Black Friday: arduraz erosteko gomendioak

Urterik urte, Estatu Batuetatik inportatu den Black Friday ‘ostiral beltzari’ gaineratzen zaizkio txikizkako saltokiak eta kate handiak, Gabonetako erosketen aurrekari gisara. Aurtengo azaroaren 25a, hileko azken ostirala, gorri ageri da kontsumitzaile askoren egutegian, eskaintzetan eta deskontuetan ikusten baitute produktuak prezio erakargarrian erosteko aukera bakarra. Eta kontua ez da data bakarrera mugatzen jada. Enpresa batzuek, azken edizioetan izan duten arrakasta dela-eta, promozioa hainbat egunetara zabaltzearen alde egin dute.


Estatu Batuetako saltokiak erakargarri egiteko sortu zen Black Friday eguna, hain justu ere, erosketei bultzada emateko xedez azaroko laugarren ostegunean ospatzen den Esker Oneko Egunaren ondorengo egunean. Helburua kontsumoa pizteko deskontuak eskaintzea da. Ondoren, Cyber Monday edo ziberastelehena agertu zen, Internet bidez egindako erosketetarako eskaintzekin. Black Friday-ren osteko astelehenean egiten da; 2016an, azaroaren 28an izango da.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak, batez ere, kontsumo arduratsu eta kritikoa egiteko beharraren alde egiten du, eta zenbait gomendio zein aholku eman ditu egun horietarako:

Behar duzuna bakarrik erosi. Ez utzi behar ez dituzun produktuen deskontu handiek harrapa zaitzatela. Zuhur jokatu. Arakatu interesatzen zaizkizun produktuen artean, eta informa zaitez horien ezaugarrien eta aurreko prezioaren gainean. Erabaki benetan merezi ote duen erostea. Gorde ezazu ordainagiria: ondoren edozein arazo sortzen bada, beharko duzu. Baliarazi zure eskubideak. Deskontuak ezartzeak ez dakar zure eskubideak murriztea. Gogoratu: Produktuek aurreko prezioa eta beheratutako prezioa erakutsi behar dituzte, BEZa barne hartuta, eta egoera ezin hobean egon behar dira. Saltoki fisiko batean erosten baduzu, itzultze-politikez galdetu. Interneten erosten baduzu produktu bat, ziurtatu webgune seguru baten bidez egiten duzula. Gainera, izan zaitez jakitun 14 egun dituzula atzera egiteko eskubidea, hau da, azalpenik eman gabe eta inolako zigorrik jaso gabe atzera egiteko eskubidea, erabiltzeko. Legezko bermea beti da berbera: bi urtekoa gai berrientzat. Arazorik baduzu, saiatu saltokiarekin hitzartzen. Lortzen ez baduzu, aurkeztu erreklamazioa. Kontsumoko arbitrajeari atxikitako saltokietan erosten baduzu, doako bitarteko honetara jo dezakezu kontsumo-gatazkak konpontzeko.