Hemen zaude

Bilatu pegatina laranja

Larunbata, Abendua 31, 2022

Produktu bat erosten edo zerbitzu bat kontratatzen dugunean, dena ongi ateratzeko eta arazorik ez izateko konfiantzarekin egiten dugu betiere. Baina zenbaitetan gauzak okertu egiten dira eta zure telefono-konpainiak eman ez dizun zerbitzu bat kobratu dizu, tindategian zure trajea marguldu dizute eta erosi berri duzun ikuzgailuak funtzionatzeari utzi dio.

Egoera horien aurrean, alderdi saltzailearekin akordio batera iristen saiatu behar duzu. Lortzen ez baduzu, erreklamazio-orriaren txanda izango da orduan. Bide horretatik ere ez baduzu arazoa konpontzen, eta auzibidera jo beharrean (bide bihurriagoa eta ziur asko garestiagoa da), baduzu aukera bizkorrago, eraginkorrago eta doako bat: kontsumo-arbitrajea.

Modu atseginagoan, sinpleagoan eta auzibidetik kanpo bideratu ahalko dituzu sistema honen bidez enpresekin edo profesionalekin sortutako arazoak. Izan ere, sistema horri atxikitako enpresa batek lasaitasun-plus bat eskaintzen dizu produktu bat erosteko edo zerbitzu bat kontratatzeko garaian.

Nola funtzionatzen du?

Lehenik, arbitraje-eskaeraren orria bete eta aurkeztu egin behar duzu, dela Kontsumobiden, dela KIUBen, dela kontsumitzaileen elkarteetan, dela Arbitraje Batzordean, zuzenean. Enpresa arbitraje-sistemara atxikita baldin badago, bi alderdien arteko bitartekaritza-lana egiten da, akordio batera iristearren. Ez bada lortzen, entzunaldia edo bilera egiten da (ez nahitaez presentziala), eta bi alderdiek zer eskatzen duten eta euren alegazioak adierazten dituzte Arbitraje Elkargoan.

Borondatezko prozedura da, eta izaera loteslea eta beterazlea du. Hau da, arbitrajearen emaitza beren borondatez onartu ondoren, bi alderdiek nahitaez bete beharko dute hartzen den erabakia, epai judizial batek duen ondorio bera baitu.

Badakizu, erosketa bat ongi bideratzen ez denean, arbitrajea. Aukeratu kontsumo arduratsuarekin eta kalitatezko arretarekin konprometitzen diren saltokiak. Antzeko aukeren aurrean, aukeratu arbitrajera atxikita dagoen hura. Oso erraza da atxikitako enpresak zein diren jakitea: bilatu enpresek beren erakusleihoetan jarri ohi duten arbitraje-logotipodun pegatina laranja. Zalantzarik baduzu, atxikitako enpresen bilatzailean agertzen ote den egiaztatu dezakezu.