Hemen zaude

Berokuntzan aurrezteko trikimailuak

Igandea, Otsaila 16, 2020
Klima aldaketarekin urtaroak aldaketa asko jasaten ari diren arren, dagoeneko neguan gaude, hotz handiko hilabeteetan sartzen ari gara, tenperatura oso baxuekin. Etxea berotu behar da (baina seguru badaramatzazuela aste batzuk hori egiten) eta, horren ondorioz, fakturako igoera handi baterako prestatu behar gara.
Ahalik eta modu onenean egingo diogu aurre, eta, aurreko denboraldian baino gutxiago gastatuz gero, primeran egongo litzateke, ezta?
Kanpoko tenperatura aldatu egiten da egunean zehar, eta egun batzuk besteak baino hotzagoak direnez, ez da beharrezkoa une oro berogailua piztuta edukitzea. Sukaldea bezalako espazioek, gainera, bero-iturri propioa dute (izugarria da nola igotzen diren graduak janaria prestatzen ari zarenean edo labea piztuta daukazunean), eta, beraz, beste gela batzuk baino gutxiago berotu behar dira, hala nola egongelak edo ikasketa-gelak.
Jarraitu irakurtzen eta hainbat trikimailu aurkituko dituzu berogailuaren faktura lar ez garestitzeko eta zerbait gutxiago ordaintzeko:
Aldian-aldian, galdara eta gas-instalazioa berrikusi, behar bezala dabiltzala ziurtatzeko. Ez zaitzala ezustean harrapatu hondatzen bada!
Behar izanez gero, purgatu berogailuak. Nola jakin beharrezkoa den? Oso erraza: barruan zaratak entzuten badituzu eta beheko aldea goikoa baino hotzago badago, aparatua purgatu behar da.
Berogailuekin jarraituz, gure aholkua da horiek garbi mantentzen saiatzea, zikinkeriak zaildu egiten baitu beroa transmititzea. Eta ahal baduzu, utz itzazu libre, hau da, ez jarri idazmahai bat gainean edo sofa bat aurrean. Airearen zirkulazioa oztopatzen baduzu, energia gehiago kontsumitzen da. Eta zenbat eta energia gehiago kontsumitu, orduan eta faktura garestiagoa!
Gai honi buruzko beste aholku bat … ezagutzen dituzu berogailuetarako balbula termostatikoak? Oso baliagarriak dira! Horien bidez, etxeko eremu bakoitzean tenperatura zehatz bat ezarri ahal izango duzu. Ez ahaztu erabiltzen ez dituzun geletako atea eta bertako berogailuetako giltza ixtea. Horrela beroa ez da barreiatuko beharrezkoak ez diren lekuetatik. Gainera, termostato programagarriak erabiltzen badituzu, berogailua nahi bezala piztu eta itzali ahal izango duzu, eta zure ordutegietara egokitu. Sistema horiei esker % 8 eta %13 arteko energia aurreztuko duzu!
Itzali berogailua lo zauden bitartean, eta ez piztu goizean etxea aireztatu arte. Etxebizitzako airea berritzea beharrezkoa da, baina 5-10 minuturekin nahikoa dira. Etxea aireztatuko duzu tenperatura gehiegi jaitsi gabe eta izoztuta geratzeko astirik eman gabe.
Bide batez, nola janzten zara etxean? Argi izan berogailua ez dela beroa pasatzeko, hotzik ez pasatzeko baizik. Mauka motzean bazaude eta beroa baduzu, ziur etxean gradu larregi dituzula. Etxebizitza baterako konfort-tenperatura 20 gradukoa da, eta hotza baduzu, eutsi gorputzeko tenperaturari, jertse bat eta galtzerdi onak jantzita, adibidez. Kontuan izan, termostatoan gora egiten duen gradu bakoitzeko, faktura % 7 garestitzen dela, eta poltsikoan nabaritzen dela!
Aprobetxatu egun eguzkitsuak, eta utzi beroa leihoetatik sartzen. Batzuetan gradu bat edo bi igo daiteke tenperatura!
Beroa ez galtzeko, kristal bikoitzeko leihoak, burletak, pertsianak, alfonbrak, gortinak … baliatu, eta gauez itxi leihoak, pertsianak eta gortinak, egunez lortu duzun beroari eusteko. Ez utzi tenperatura 15 gradutik jaisten, bestela, askoz denbora eta energia gehiago beharko duzu gero igotzeko.
http://www.kontsumobide.euskadi.eus/blog-sarrera/2020/berokuntzan-aurrezteko-trikimailuak/y10-kbpstblg/eu/