Hemen zaude

Banku-entitate batek ez duela inoiz posta elektroniko bidez pasahitzik edo datu pertsonalik eskatuko gogorarazten du Kontsumobidek

Larunbata, Uztaila 20, 2019
Zoritxarrez, delituzko praktika bat da phishing, teknologiarekin hedatu dena eta galera ekonomiko nabarmena berekin ekar dezakeena. Funtsean, datu pertsonalak lapurtzeko estrategiak dira, era horretan biktimaren nortasuna ordeztu ahal izateko eta, besteren artean, pertsona horren izenean gastuak egiteko. Azkeneko hilabeteetan phishing kanpainak detektatu dira INGren eta BBVAren lekua hartuz.
Egoera horren aurrean, Kontsumobidek gogora ekarri nahi du banku-entitate batek ez duela inoiz posta elektroniko bidez pasahitzik edo datu pertsonalik eskatuko eta are gutxiago sare sozialen, mugikorreko mezuen eta abarren bitartez. Bestalde, inoiz ez dute horrela jokatuko konpainia handiek Amazon, Pay Pal, Apple edo antzekoak.
Jarraibide batzuk daude phishing praktika detektatu eta saihestu ahal izateko:
Halako mezuek presatu egiten zaituzte webgune batean sartzeko edo datu jakin batzuk betetzeko, eta segurtasun-eguneratzeak, zerbitzuaren premiak… balira bezala aurkezten dira normalean. Ez fidatzea da aukerarik seguruena.
Begiratu arretaz zein den igorlea. Ziberdelinkuentzia konpainia handiak eta bankuak ordezten saiatzen da, baina kontuan hartu enpresa horiek ez dizutela inoiz ere email bat bidaliko Google, Outlook, Yahoo… kontu batetik. Domeinu propioak dituzte.
Begiratu arretaz mezua zuzen edo oker idatzita dagoen. Ohikoak izaten dira azentu-markak ez agertzea, generoan nahastea, askotan automatikoki idatzi izan direlako.
Ez ezazu inoiz ere fitxategi susmagarririk ireki.
Ez ireki webgunerik posta elektronikotik, hobe da zuzenean nabigatzailetik irekitzea eta ahal izanez gero bere jatorria eta segurtasuna ziurtatzea.
Inoiz ez da bidali behar datu pertsonalik, pasahitzik edo bankuko daturik posta elektroniko bidez. Bankuek eta konpainia handiek plataforma seguruak dituzte gai horietarako.
Orokorrean, esan daiteke zentzua eta mesfidantza direla phishingaren aurkako babesik onena, baita pasahitz seguruak ezartzea eta sare publikoak ez erabiltzea ere.
Dena den, berriro ere azpimarratu behar dugu banku-entitate batek, edo aipatutakoak bezalako enpresa handi batek, inoiz ez duela posta elektroniko bidez datu pertsonalik, bankukorik edo pasahitzik eskatuko. Phishing saialdi bat sumatuz gero, agintarien aurrean edo Segurtasun Informatikoko Bulegoan salatzea da gomendioa.
 
Egilea:Kontsumobide