
Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salak baztertu egin du Ibercajaren kasazio-errekurtso bat, eta epaian printzipio batzuk ezarri ditu, kontuan hartu beharko dituztenak banku-erakudeek eta ordainketa-zerbitzuen hornitzaleek iruzurrak gertatzen direnean, hala nola identitatea ordezten denean. Interneten identitatea ordeztea, sim txartelak bikoiztea edo datu pertsonalak lapurtzea gero eta ohikoagoak dira, eta, beraz, epai hori bereziki garrantzitsua izan daiteke.
Ordainketa-zerbitzuei buruzko zuzentaraua eta zuzentarau horren transposizioa egiten duen 19/2018 Errege Lege Dekretua aztertu ondoren, Auzitegi Gorenak esandu banka edo ordainketa-zerbitzuen hornitzailea erantzulea dela iruzurra gertatuz gero, eta dirua berehala itzuli behar diola bezeroari.
Auzitegi Gorenaren ebazpenaren testua argia da eta zera adierazi du: egungo bitarteko teknologikoek ahalmena ematen die banku eta ordainketa-zerbitzuen hornitzaileei eragiketa anomaloak automatikoki detektatzeko tresnak sortzeko, hala nola goizaldeko ordu txikietan egiten direnak, kontsumitzailearen jardunean ohikoak ez diren zenbatekoak dituztenak edo ezohiko maiztasunez egiten direnak, adibide batzuk aipatzearren.
Kontsumitzaileak iruzur egin duenean edo zabarkeria larriaren erantzule denean bakarrik salbuesten du banketxea erantzukizunetik epaiak. Zabarkeria larria zabarkeria soila ez dela ere zehaztu du.
Epaiak epaitu duen kasuan, kontsumitzaileak 3 aste lehenago abisatu zion bankuari Googleko kontuetara modu irregularrean sartu zela norbait.
Bestalde, Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salak adierazi du, halaber, deusez deklaratu behar direla, baimendu gabeko eragiketei dagokienez, banketxeak erabiltzaileekiko erantzukizunetik salbuesten dituzten kontratu-klausulak.