Hemen zaude

Auto Aseguruen Lege berriak derrigorrezko asegurua ezartzen du patinete elektrikoentzako

Astelehena, Iraila 8, 2025

Lege berria uztailaren 22an onartu zen Gorte Nagusietan, eta 24an argitaratu zen BOEn. Legeak ibilgailuen zirkulazioko erantzukizun zibilari buruzko 2021/2118 (EB) Zuzentaraua moldatzen du, nahitaezko asegurua ibilgailu mota gehiagotara zabaltzen du eta kalte-ordainak hobetzen ditu.Azken aldaketa horrek ibilgailu motordunek eragindako istripuen biktimen babes handiagoa dakar.

Legeak ezartzen duenez, patinete elektrikoen edo mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuen jabeek erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua izan beharko dute. Sei hilabeteko epea ireki da aseguru horrek behar duen erregelamenduaren garapen proposamena egiteko.

2026ko urtarrilaren 2rako gobernuak martxan jarri beharko du ibilgailu pertsonal arinen erregistroa, eta horien artean patinete elektrikoak daude. Arauaren arabera, ibilgailu pertsonal arinak motor elektrikoa, gurpil bat edo gehiago eta plaza bakarra ditu, eta gehienezko abiadura 6 eta 25 km/h artekoa izan daiteke 25 kg-tik beherakoa bada, edo 6 eta 14 km/h artekoa 25 kg-tik gorakoa bada.

Europako zuzentarauak eta onartutako legeak, halaber, nahitaezko erantzukizun zibileko asegurua izatera behartzen dituzte nekazaritzako eta industriako ibilgailuak. Jabeek sei hilabete dituzte kontratua egiteko.

Biktimen kalte-ordainetan onurak

Biktimen kalte-ordainetan ere hobekuntzak egin dira. Kalte-ordainen balorazio-prozedura arintzea da helburua, ahal den neurrian bide judiziala saihestuz, eztabaidak ebazteko judizioz kanpoko edozein aukeratara jotzeko aukera ematen baitu, hala nola polizia-atestatuak doan emantea eta balorazio medikorako eta adituen txosten medikoak egiteko epe laburragoak ezartzea, besteak beste.

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak funtzio gehiago ditu

Partzuergoak estaliko ditu aseguru-erakundeen kaudimengabezia-kasuetako istripuak, nahiz eta atzerriko erakundeak izan. Halaber, nahita eragindako zirkulazio-istripuen biktimei kalte-ordaina emateaz arduratuko da, bai eta nahitaezko asegururik gabe zirkulatzen ari diren ibilgailu motordunen kasu berriei ere.

Iturria: Moncloa