Hemen zaude

Airelineen aurkako lehenengo epaia, norbanakoari egindako kalte moralak kontuan hartzen dituena

Astelehena, Uztaila 4, 2016

Airelineen aurkako lehenengo epaia, norbanakoari egindako kalte moralak kontuan hartzen dituena

Bilboko 2. Merkataritza-arloko epaitegiko epaiak IBERIA airelinea behartu du bidaiari bati kalte-ordainak ordaintzera bere hegaldia bertan behera geratu zelako eta konpainiak ez ziolako inolako argibiderik eman. Lehenengo aldiz Bizkaiko organo batek emandako epai batek kalte-ordainak ordaintzera behartzen du eragindako kalte moralengatik. Eta gainera, 261/2004 CE Araudiak ezarritako zenbateko estandarra baino handiagoa ordaintzera behartzen du jasandako kalte moralak direla eta; nolanahi ere, ezin da kalte horien “froga zehatzik eskatu ez direlako begi-bistakoak eta kalte horiek jasan dituenaren asalduran zehazten direlako”.

Bizkaiko Kontsumitzaileen Elkarteak defendatu zuen kaltetua, eta elkarte horrek uste du Epaiak aurrekari bat ezarri duela, eta orain arte Airelineek zuten jarrera aldatu beharko lukeela horrek, izan ere airelineek era guztietako trabak jarri izan dituzte erabiltzaileei kalte-ordainak ordaintzeko.

G.D.Gek Malagatik Bilbora itzuli behar zuen IBERIAren hegaldi batean 2005eko ekainaren 28an. Airelineak hegaldia bertan behera utzi zuen bezeroei inolako argibiderik eman gabe, eta gainera, horrelako egoera batean aurkitzen diren pasaiariek dituzten eskubideak ere ez zizkieten jakinarazi. Aukera bakarra eman zieten: 24 ordu geroago irtengo zen hegazkin batera igotzea.

Bidaiariak kalte-ordaina jasotzeko egin zituen erreklamazioak, hala berak bere aldetik nola Bizkaiko Kontsumitzaile Elkartearen bidez egindakoak, ez zituen kontuan hartu konpainiak eta agerian geratu ziren IBERIAKO departamentuek emandako arrazoien arteko kontraesanak.

Bilboko 2. merkataritza-arloko epaitegiak erreklamatzailearen aldeko epaia eman zuen uste izan zuelako nahikoa frogatua zegoela “horrelako egoerek eragin ohi duten haserre edo gogaitasuna gainditu zirela”, konpainiak ez baitzion hegaldia bertan behera uzteari buruzko arrazoirik eman bidaiariari egun horretan bertan. Bidaiariak Bilbora joan behar zuen ezinbestean arrazoi profesionalengatik eta IBERIAK ez zuenez kontuan hartu lagun horrek egindako erreklamazioa, bidaiariak kontsumitzaileen elkarte batera jo behar izan zuen, eta geroago, ohiko justizia epaitegietara.

Airelineak bezeroari ordaindu beharreko kopurua 517.50 € da, horietatik 250 € hegazkinera igotzea ukatzen den kasuetarako, atzerapenak daudenerako edo hegaldia bertan behera geratzen den kasuetarako kalte-ordainak erregulatzen dituen Araudiak ezarritako kalte-ordain estandarrari dagokio. Era berean balioetsi da egindako kalte moralengatik ordaindu beharrekoa, eta gainontzekoa taxi baten fakturari dagokiona da. Gainera, epaiketaren gastuak ere IBERIAren kontura izango dira, epaileak uste baitu “kontsumitzailea gastu bat egitera behartzen duela erreklamatzailea gogogabetu eta errentagarritasuna gutxitzeko politikaren bidez”.