Hemen zaude

88 erakundek sinatu dute, EHKB/UCE sartzen da bertan, Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala, sektore horrek datozen hamabost urteetan izango dituen erronkei aurre egiteko

Osteguna, Abendua 1, 2022
  • Itunak alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzeko eta 50.000 etxebizitzako parke batera iristeko, babes-etxebizitza iraunkorren kopurua parkearen guztizkoaren % 12ra igotzeko edota 2036. urtea amaitu baino lehen hiru etxetik bat birgaitzeko helburuak ezarri ditu

88 erakunde (gizarte zibila, profesionalen kolektiboak, erakundeak eta enpresak) atxiki zaizkio Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036ari (etxebizitzarako eskubidearen eraketa eraginkorra bizkortzeko konpromiso partekatua). Akordioa Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bultzatu du, eta asteazken honetan sinatu da Bilbon, Euskadik arlo horretan dituen erronkei eraginkortasunez aurre egiteko etxebizitzaren esparruan herritarrekin diharduten eragileek elkarrekin, bat eginik, lankidetzan oinarrituta eta epe ertain eta luzerako ikuspegi batekin lan egin dezaten.

Dokumentua lantzeko, parte-hartze prozesu zabal bat egin da, eta ehun bat eragilek parte hartu dute tailerren eta bileren bidez, 87 erakundek idatziz aurkeztutako ideiekin. Ideia horietako asko ituna bera garatzeko erabiliko dira datozen urteetan, eta eraikuntzaren sektorearekiko lanean sakontzearen, etxegabetasunaren eta familia ugarien arretaren arloetako jarduketak egingo dira, besteak beste.

Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak ekitaldian azpimarratu duenez, Euskadi erreferentzia da etxebizitza-politiken arloan. Ildo horretan, Autonomia Erkidegoko lege bat du, eta Estatuan inspirazio-iturri diren hainbat neurri zehatz hartu ditu, hala nola gazteei laguntzeko hartutakoak. Arriolak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza duina eta kalitatekoa izateko aukera eskubide subjektiboa dela, eta, azpimarratu duenez, hain oinarrizkoa da, beste eskubide batzuen lorpena baldintzatzen du.

2010eko Itun Soziala berria eta aitzindaria izan zen, eta, haren arabera, euskal herritarrak eta desberdinen arteko lankidetza izan ziren etxebizitza-politiken ardatzak”, adierazi du Arriolak, eta honako hau gaineratu du: “gaur konpromisoa berretsi dugu, aurreko akordioan baino atxikimendu gehiagorekin eta pertsona guztiei etxebizitza duina eta egokia lortzeko aukera errazteko helburu berarekin, baina zirkunstantzia desberdinetan, Etxebizitzaren Legea baitugu orain. Lege hori mugarria izan zen, etxebizitza izateko eskubidea osasunerako, hezkuntzarako edo mendekotasunaren arretarako eskubideen maila berean kokatu baitzuen. Aitorpen horretan, Euskadi aitzindaria izan zen”.  

Etxebizitzaren aldeko Itun Sozial berrian, gizarte-erakundeak, etxebizitza-kooperatibak, sindikatuak, enpresa pribatuak, profesionalen elkargoak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta klusterrak daude ordezkatuta. “Oso talde heterogeneoa da, herrialde-itun handi bat lortzeko eta, era horretan, etxebizitzaren arloan kudeaketa eraginkorragoa lortzeko adostasun-puntuak aurkitzen jakin duena”, adierazi du sailburuak. Halaber, aurre egin beharreko alderdiak zerrendatu ditu, hala nola energia-pobrezia, alokairuko etxebizitzen eskaintza nahikorik eza eta parkea bizikidetza-unitateen eta bizi-estiloen eredu berrietara egokitzeko beharra.

Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean, lau xede kuantitatibo ezartzen dira 2036rako, baita lehentasunezko sei jarduketa-ildo ere, helburu horiek lortzeko.  Haien artean, azpimarratu beharra dago 2036. urterako Autonomia Erkidegoko etxebizitza nagusien % 5 alokairu eskuragarriaren eskaintza publikora bideratzeko helburua (50.000 etxebizitza). Halaber, babes publikoko etxebizitza-parke iraunkorra etxebizitza nagusien % 12ra igotzeko helburua nabarmentzen da. Era berean, hamabost urteko epean urtean eraikinen % 3 birgaitu daitezen lortzea planteatzen da (gaur egun % 1,5 birgaitzen dira). Horrela, beraz, 350.000 etxebizitza eraberritu behar dira epe horretan (eraikitako hirutik bat, gutxi gorabehera). Xedeen artean, halaber, baliabide ekonomiko nahikoak dituzten kolektiboentzat etxebizitza libreen (obra berrikoen zein birgaitutako etxebizitzen) parke bat izateko beharra ezartzen da.  

Xede horiek lortzeko, itunak lehentasunezko jarduketa-ildo batzuk eta haiek abian jartzeko jarraibideak aurreikusten ditu:

  • Inbertsio handiagoa etxebizitzan, pizgarri fiskaletan oinarritua. Etxebizitza-arloko gastu publikoa pixkanaka handitzea, BPGaren % 1,5 ingurura iritsi dadin, eta birgaitzeari lotutako inbertsio pribatua BPGaren % 5 ingurukoa izatea, Europako herrialderik aurreratuenen antzera.
  • Etxebizitza-politikaren gizarte-dimentsioan sakontzen jarraitzea. Etxebizitza-politikaren eta gainerako gizarte-politiken (gizarte-zerbitzuak, gazteak, adinekoak, desgaitasuna, berdintasuna, enplegua eta abar) arteko integrazio handiagoa lortzearen aldeko apustua egiten da. Horretarako, hainbat errealitateri (hala nola etxegabetasunari, familia ugariei eta gazteek etxebizitza eskuratzeko aukerari) erantzun integralagoak emango dizkieten zerbitzuak eta programak jarriko dira abian.
  • Udal-agenda estrategikoan etxebizitza txertatzeko aukera zabaltzea, eta, ildo horretan, tokiko etxebizitza-planak lantzeko babes-ildo bat abian jartzea.
  • Eraikuntza-sektore erakargarri, lehiakor eta berritzaile bat osatzea, eta, horretarako, sektoreko talentuaren trebakuntza eta garapena eta haren berrikuntza-proiektuak bultzatzea eta sektorean emakume gehiago sartzeko aukera erraztea.
  • Datu-adimena eta ebaluazio aurreratua; ildo horretan, Etxebizitzako Behatokiaren zeregina indartu eta instituzionalizatu egingo da.
  • Inplikazio eta lankidetza publiko-pribatu-soziala; Etxebizitzaren Foroa abian jarri eta dinamizatuko da (Itunaren bitartez konprometitutako eragileen parte-hartzerako eta haien arteko lankidetzarako gune egonkor gisa), eta herritarrek parte hartzeko prozesuak bultzatuko dira.

Akordioak helburuak lortzera bideratutako inplikazio eta lankidetza publikoa, pribatua eta soziala indartzeko beharrezkoak diren mekanismoak jasotzen ditu, eta Etxebizitzako Behatokiaren bitartez, urteko jarraipen-txosten publiko bat egingo da. Txosten horren bidez, aurrerapenak monitorizatu eta beharrezkoak diren doikuntzak gardentasun osoz egin ahal izango dira.