
Hortz-klinika bat ustekabean ixteak kontsumitzaile ugari utz ditzake tratamenduak amaitu gabe eta jaso ez dituzten zerbitzuengatik dirua ordainduta. Egoera horren aurrean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak gogorarazi du kaltetutako pertsonek beren eskubideak izaten jarraitzen dutela eta erreklamazioak aurkez ditzaketela enpresak kontratuko baldintzak betetzen ez dituenean.
Gomendatutako lehen neurrietako bat kontratatutako tratamenduarekin lotutako dokumentazio guztia biltzea da, bereziki historia kliniko osoa, sinatutako aurrekontua, tratamendu-plana, fakturak, ordainagirien egiaztagiriak eta sinatutako kontratuak. Klinika itxita badago, dokumentazio hori modu frogagarrian eskatzea gomendatzen da, adibidez, enpresaren egoitza sozialera burofax bat bidaliz.
Erreklamatzeko aukerak, neurri batean, tratamendua ordaintzeko moduaren araberakoak dira. Tratamendua klinikaren bidez eskainitako kreditu lotu baten bitartez finantzatu bada, kontsumitzaileak finantza-erakundeari eska diezaioke ordaintzeke dauden kuotak eteteko eta eman ez diren zerbitzuei dagozkien zenbatekoak proportzionalki itzultzeko. Horretarako, kontratua ez dela bete jakinarazi beharko du formalki, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu.
Aitzitik, tratamendua eskudirutan edo aldez aurretik ordaindu bada, lotutako finantzaketarik gabe, erreklamazioa zuzenean enpresa arduradunari zuzendu beharko zaio. Enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartzen bada, kaltetutako pertsonek beren kreditua konkurtso-administrazioari jakinarazi beharko diote, egin gabeko tratamenduei dagozkien zenbatekoak erreklamatzeko.
EHKBtik gogorarazten dugu garrantzitsua dela ahalik eta azkarren jardutea, ordainagiri eta egiaztagiri guztiak gordetzea eta erreklamazio formala aurkeztea, kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko. Era berean, finantzatutako tratamenduak kontratatu aurretik behar bezala informatzea eta kontratuen baldintzak arretaz aztertzea gomendatzen dugu.
Kaltetutako pertsonak kontsumitzaileenelkarteetara, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetara (KIUB) edo Kontsumobidera joan daitezke, erreklamatzeko dauden aukerei buruzko orientazioa jasotzeko.

