Hemen zaude

ZER JAKIN BEHAR DUGU EROSKETAK EGITEN DITUGUNEAN?

Ostirala, Martxoa 27, 2009

ZER JAKIN BEHAR DUGU EROSKETAK EGITEN DITUGUNEAN?

Denok dakigunez, egun hauetan, Gabonetako ospakizunak direla eta, jendeak askoz erosketa gehiago egiten ditu, hala janarietan nola jostailu, etxetresna elektriko txiki, aisialdiko gai eta abarretan.

Egun hauetatik onik ateratzeko, gure eskubideak eta betebeharrak zein diren jakin behar dugu.

PREZIOAK NOLA ADIERAZI BEHAR DIRA?

Establezimendu komertzialak behartuta daude bertan salgai dauzkaten gauzen publikoarentzako salmenta-prezioa argi erakustera. Prezio horren barruan sartuko dira produktua eskura erosteagatik ordaindu beharreko guztizko kopuruak, B.E.Z. eta beste edozein zerga ere barne.

Erakusleihoetan dauden salgaiek argi erakutsi behar dute neurri-unitate bakoitzeko zein prezio duten.

ZER GERTATZEN DA PRODUKTU BAT ITZULI NAHI BADUGU?

Orokorrean, eta produktu akastun bat erosten dugunean dagozkigun eskubideak salbuetsiz, ez dugu dirua berreskuratzeko eskubiderik produktu bat erosi eta gero itzuli egin nahi badugu. Hala ere zenbait merkatarik dirua itzultzen dute, eta beste batzuek produktua beste batekin ordezkatzen edo haren ordez erosketa-bale bat ematen dute.

Kasu jakin batzuetan, ordea, produktua itzultzeko eta ordaindutakoa berreskuratzeko eskubidea dugu:

v Establezimendu edo produktu baten publizitateak edozein bideren bitartez esaten badu produktuarekin pozik ez bagaude dirua itzuliko digutela; horretarako eskubidea dugu, zeren eta, lehen ikusi bezala, publizitatea loteslea baita halakorik egiten duenarentzat.

v Erositakoa epe batez probatzeko aukera ematen duten salmentetan, produktua adosturiko epean itzultzeko eskubidea dugu.

Adostu ez baldin bada, epe hori 7 egunekoa izango da.

v Etxez etxeko salmentan nahiz urrutiko salmentan, erositako produktua hartu dugun egunetik hasita 7 eguneko epea dugu produktua itzultzeko eta dirua berreskuratzeko, arrazoirik eman beharrik izan gabe. Eskubide horren erabilera errazteko, legeak agintzen du saltzaileak kontratu-dokumentuarekin batera atzera egiteko edo ezesteko dokumentu bat eman behar digula. Dokumentu horretan hartzailearen izena eta helbidea eta kontratuaren eta kontratugileen identifikazio-datuak azaldu behar dute, eta nahikoa izango da dokumentua sinatzea eta bidaltzea, erosketa baliogabetzeko. Atzera egiteko edo ezesteko eskubide hori ez da aplikagarria ondoko kasu hauetan: etxez etxeko salmentetan, horien zenbatekoa 8.000 pezetatik beherakoa denean edo saltzailearen bisita berariaz eskatu dugunean, eta urrutiko salmentetan, erositako produktuak kopiatu edo erreproduzitu daitezkeen objektuak (liburuak, diskoak), norberaren garbitasunerako objektuak edo beren izaeragatik itzuli ezin diren objektuak (aldizkariak, eskatutako gaiak) direnean.

Nolanahi ere, eskubidea daukagu saltzaileari eskatzeko ea ba dugun aukerarik produktua itzultzeko eta zein diren hori egiteko baldintzak (esate baterako, produktuaren azala ez irekitzea, produktua epe jakin baten barruan itzultzea, etab.).

ZER-NOLAKO BERMEA DUTE PRODUKTUEK?

Legez, ondasun iraunkor hauetakoen bat erosten dugunean bakarrik daude bermea ematera behartuta saltzaileak:

v Optika, argazkilaritza, erlojugintza eta musikako tresnak eta materiala.

v Erremintak, labanak, mahai-tresnak eta bestelako metalezko manufaktura arruntak.

v Altzariak, tresneria, osagarriak eta etxeko tresnak.

v Aparatu elektrikoak, etxetresna elektrikoak eta aparatu elektronikoak.

v Autoak, motorrak eta bizikletak, eta beren ordezko piezak eta osagarriak.

v Olgetarako eta kiroletako jolasak eta gaiak.

v Etxebizitza.

KONTSUMITZAILEENTZAKO BERME GEHIAGO

Kontsumo Ondasunen Salmentaren Berme Lege berriak oinarrizko bi alderdi ditu: ondasunak salerosketa-kontratuarekin bat datozela bermatzeko legeak berak aitortzen dituen eskubideekin loturiko bermearen lege-esparrua, eta kontsumitzaileari eskaini ahal zaion berme komertzial gehigarria.

Lehenik eta behin lege berri honen oinarri diren printzipioak aztertu behar ditugu. Legeak agintzen duenez, saltzaileak beti kontsumitzaileari kontratuarekin bat datozen ondasunak eman behar dizkio.

Baina kontsumo-ondasunez hitz egiten ari gara, eta termino hori agian zabalegia izan daiteke. Horregatik, legeak dioen bezala, terminoa zehaztea komeni da. Legearen arabera, kontsumo-ondasunak kontsumo pribaturako diren gorputz-ondasun higigarri guztiak dira.

Ondasunak eta kontratua

Bistakoa denez, kontratuan azaltzen diren baldintzak bete behar dituzte ondasunek. Hala eta guztiz ere, Berme Lege berriak ondasunek bete beharreko baldintzak zehazten ditu:

- Ondasunek saltzaileak egindako deskribapenarekin bat etorri behar dute, eta hortaz, kontsumitzaileari erakutsitako laginak edo ereduak dituen ezaugarri edo berezitasun berberak izan behar dituzte.

- Izango duten erabilerarako egokiak izan behar dute ondasunek.

- Horrez gain, onartutako edozein erabilera berezirako egokiak izan behar dute.

- Ondasunek espero daitezkeen kalitate eta prestazioak eduki behar dituzte, eta publizitatean azaltzen diren ezaugarri berberak.

Ondasun bat behar bezala instalatzen ez denean, edo kontsumitzaileak zuzenak ez diren argibideei jarraituz ondasuna modu desegokian instalatzen badu, gertaera hori desadostasuntzat joko da, eta kontsumitzaileak beharrezko erantzukizunak exijitu ahal izango ditu.

Saltzailearen erantzukizuna

Ondasuna entregatzen edo instalatzen den unean edozein desadostasun badago, saltzailea izango da erantzulea.

Edonola ere, kontsumitzaileak ondasuna konpontzeko eta ordezkatzeko eskubidea, prezioa jaisteko eskubidea eta kontratua deuseztatzeko eskubidea izango du. Eskubide horiek ezingo dira murriztu eta kontsumitzaileek ezingo diete eskubide horiei uko egin, eta horrela dioen edozein klausula zuzenbidez erabat baliogabea izango da.

Ondasunaren konponketa eta ordezkapena

Aipatu legeak dakarren beste berritasun bat ondasunaren konponketa edo ordezkapena da. Kontsumitzaileak aukera hori izango du beste batzuen artean, eta saltzaileak ondasuna doan konpondu beharko du.

Logikoa denez, aukera horietako bat ezinezkoa denean edo argi eta garbi neurrigabea denean, ezingo da aukerarik egin. Kontsumitzaileak egindako aukera neurrigabetzat hartuko da baldin eta ondasunaren konponketak saltzaileari produktuaren prezioarekiko edo beste aukera batekiko bideraezinak diren kostuak badakarzkio.

Nolanahi ere, konponketak doakoak izango dira, eta zentzuzko epean egin beharko dira, legeak epe hori zehazten ez duen arren. Azkenik, kontuan izan beharko dugu ondasunaren konponketak zein ordezkapenak berme-epeen nahiz erreklamazio-epeen zenbaketa eteten duela.

Konponketa egin ondoren ondasunak oraindik arazoak sortzen badizkio, kontsumitzaileak ondasun hori beste batekin ordezkatzea exijitu ahal izango du. Kontsumitzaileak ezingo du ordezkapena exijitu ondasunak suntsigarriak edo bigarren eskukoak direnean.

Prezioaren beherapena eta kontratuaren deuseztapena

Era berean, erositako ondasuna ezin bada konpondu edo ordezkatu, kontsumitzaileak prezioa beheratzea edo kontratua deuseztatzea eskatu ahal izango du.

Bermea eta erreklamatzeko epeak

Orokorrean, kontsumo-ondasun guztiek 2 urteko berme-epea dute. Hala eta guztiz ere, ondokoa aintzat hartu beharko dugu:

· Desadostasuna ondasuna entregatu ondoko lehenengo sei hilabeteetan gertatzen bada, ondasuna entregatzeko unean dagoeneko desadostasuna zegoela iritziko da.

· Desadostasuna ondasuna entregatu ondoko lehenengo sei hilabeteetatik aurrera gertatzen bada, kontsumitzaileak ondasuna entregatzeko unean desadostasuna zegoela frogatu beharko du.

Bigarren eskuko gaien kasuan, alderdiek epe laburragoa adostu ahal izango dute. Epe hori ezingo da urte bat baino txikiagoa izan, ondasuna entregatzen den unetik aurrera.

Berme-epearen iraunaldiari dagokionez, fakturan, erosketa-txartelean edo emate-agirian azaltzen den datan ondasuna entregatu egin dela joko da, aurkakoa erakusten duen frogarik aurkeztu ezean.

Erreklamatzeko epea baliorik gabe geratuko da handik hiru urtetara.

Kontsumitzaileari ezinezkoa zaionean saltzailearen edo merkatariaren kontrako erreklamaziorik egitea edo hori egitea gehiegizko zama iruditzen zaionean, erreklamazioa erositako produktuaren fabrikatzaileari edo ekoizleari aurkeztu ahal izango dio.

Berme gehigarria

Berme Lege berrian ezarritakoaren arabera, produktuaren saltzaileak edo fabrikatzaileak bere produktuentzako berme gehigarria edo komertziala eskaini dezake. Baliozkoa izateko, berme horrek zenbait baldintza bete beharko ditu: idatzita egon beharko du, eta bertan bermatzailearen izena eta helbidea, berme-epea eta erreklamatzeko moduak azalduko dira, besteak beste.

Aurrerago aipatu ondasun iraunkorren bat erosten baldin badugu, bermeaz gain saltzaileak produktua behar bezala erabiltzeko eta, dagokionean, behar bezala instalatzeko adina argibide eman behar dizkigu, eta baita erreklamazioak egiteko informazioa ere.

Ondasun iraunkorren kasuan, saltzaileak zerbitzu tekniko egokia eman behar du, eta produktua fabrikatzeari uzten zaioneko datatik aurrera gutxienez 5 urtez ordezko piezen hornikuntza bermatu beharko du.

ARAZOAK SAIHESTEKO ETA KONPONTZEKO.....

.-Iragarritako ordainketa-moduei eta baldintzei buruzko informazioa biltzen saiatu behar dugu, saltzailea horiek betetzera behartuta baitago.

.-Ondasun iraunkorren kasuan beti idatzizko garantia exijitu behar da. Ematen diguten bermea legeak agindutakoa baino luzeagoa denean, bermean azaltzen diren murrizketak edo baldintzak kontu handiz irakurri behar ditugu.

.-Produktua itzultzeko aukerei eta baldintzei buruzko informazioa eskatu behar dugu.

.-Beherapenek, merkealdiek, likidazioek edo promozioek behar ez ditugun gaiak erostera bultzatu gaitzakete. Beraz, edozer gauza erosi aurretik, nahiz eta oso merkea izan, gure buruari galdetu behar diogu ea benetan baliagarria den.

.-Egindako erosketaren txartela edo faktura beti gorde behar dugu. Ezinbestekoa da erositakoa aldatu ahal izateko eta edozein erreklamazio egiteko.