
Europar Batasuna kontsumorako kredituen araudi berri bat onartzeko bidean da, pertsona kontsumitzaileen babesa indartzeko helburuarekin, batez ere kontratazio digitalaren hazkundearen eta finantza-produktuen aniztasunaren testuinguruan.
Araudi berriak bere aplikazio-eremua zabaltzen du, orain arte kanpoan geratzen ziren finantzaketa-modu berriak barne hartuz, hala nola zenbateko txikiko mailegu batzuk edo ordainketa atzeratuko zerbitzuak. Helburua da produktu horiek guztiek baldintza argiak, gardenak eta konparagarriak izatea.
Berrikuntza nagusien artean, kontratazioaren aurreko informazio-betebeharrak indartzen dira, kontsumitzaileek kredituaren baldintzak hobeto ulertu ahal izateko konpromisoa hartu aurretik. Era berean, neurriak ezartzen dira praktika komertzial engainagarriak edo oldarkorrak saihesteko, bereziki ingurune digitalean.
Halaber, arreta berezia jartzen da kaudimenaren ebaluazioan, eta erakundeak behartzen dira kontsumitzailearen ordainketa-gaitasuna zorrotzago aztertzera, gainzorpetze-egoerak prebenitzeko.
Araudiak, gainera, atzera egiteko eskubidea indartzea eta finantza-produktu konplexuen aurrean babes handiagoa eskaintzea aurreikusten du, merkatu seguruago eta orekatuago bat sustatuz.
EHKBtik gogorarazten da garrantzitsua dela edozein kreditu kontratatu aurretik baldintzak arretaz aztertzea, aukerak alderatzea eta norberaren egoera ekonomikoarekin bat ez datozen konpromisoak ez hartzea.

