
Banku-kontu bateratuak irekitzea ohikoa da bikoteen, senideen edo gastuak partekatzen dituzten pertsonen artean. Hala ere, erabakia hartu aurretik komeni da kontu mota horrek dakartzan eskubideak eta erantzukizunak ondo ezagutzea.
Kontu bateratu batean titular gisa agertzen diren pertsona guztiek dute dirua erabiltzeko aukera, eta eragiketak egin ditzakete, hala nola diru-sarrerak, transferentziak edo diru-ateratzeak. Kontu motaren arabera, eragiketa horiek titular bakoitzak bere kabuz egin ditzake edo guztien baimena behar izan dezakete.
Kontuan hartu beharreko alderdirik garrantzitsuenetako bat erantzukizun partekatua da. Horrek esan nahi du titular guztiek erantzuten dutela kontuarekin lotutako betebeharren aurrean. Adibidez, kontuan zorra sortzen bada, bankuak titularretako edozeini eskatu ahal izango dio zenbatekoa.
Gainera, titular guztiek dute kontuaren informazioa kontsultatzeko eta egindako mugimenduak ikusteko eskubidea, eragiketa nork egin duen kontuan hartu gabe.
Bestalde, banantzeak, titularren arteko gatazkak edo titularretako baten heriotza gertatzen direnean, kontuaren kudeaketan zailtasunak sor daitezke. Horregatik, gomendagarria da aurretik banku-entitatearen baldintzak ezagutzea eta kontu mota hau egokia den baloratzea.
EHKBtik gogorarazten dugu kontu bateratu bat ireki aurretik kontratua arretaz irakurtzea, kontuaren erabilera-araubidea ezagutzea eta zalantzak bankuarekin argitzea komeni dela.

