
Ekialde Hurbilean dagoen ezegonkortasun egoeraren ondorioz, bidaiari askok hegaldien ezeztapenak, atzerapenak edo desbideratzeak pairatzen ari dira. Egoera horietan, garrantzitsua da bidaiariek dituzten eskubideak ezagutzea.
Hegaldi bat ezeztatzen denean, kontsumitzaileak eskubidea du txartelaren dirua itzultzea edo helmugara iristeko garraio alternatibo bat aukeratzeko. Horrez gain, aire-konpainiak laguntza eman behar du, hala nola janaria, ostatua edo komunikazio-baliabideak, itxaronaldiaren arabera.
Hala ere, gatazka armatuak edo aire-espazioaren itxiera bezalako egoeretan, kasu hauek “ezohiko inguruabartzat” jotzen dira normalean. Horrek esan nahi du, laguntza eta diru-itzulketarako eskubideak mantentzen diren arren, ez dagoela kalte-ordain ekonomikorako eskubiderik.
Kontuan izan behar da, halaber, Europako araudia ez dela beti aplikatzen, bereziki hegaldia Europar Batasunetik kanpo irteten denean edo Europar Batasunekoak ez diren aire-konpainiek operatzen dutenean. Kasu horietan, baldintzak dagokion herrialdeko legediaren edo aire-konpainiaren kontratuaren araberakoak izango dira.
Agintariek gomendatzen dute zuzenean aire-konpainiarekin edo bidaia-agentziarekin harremanetan jartzea, eskuragarri dauden aukerak ezagutzeko eta edozein gorabeheraren aurrean azkar jarduteko.
EHKBtik gogorarazten da garrantzitsua dela bidaiaren dokumentazio guztia gordetzea, hala nola txartelak, hegazkineratzeko txartelak edo gastuen egiaztagiriak, beharrezkoa izanez gero erreklamazioak egin ahal izateko.

