Hemen zaude

Kontsumobidek informazioko 118 zenbakidun telefonoetako deien kostuaren inguruan ohartarazten du

Osteguna, Abendua 29, 2016
Kontsumobidek informazioko 118 zenbakidun telefonoetako deien kostuaren inguruan ohartarazten du

· Jasotako erreklamazioak ikusirik, Kontsumobidek azaldu du 118 zenbakiarekin hasten diren telefonoetara egindako bi minutuko dei batek 11 eurotik gorako kostua izan dezakeela

· Kontsumoko Euskal Institutuak kontuz ibiltzea gomendatzen du, enpresek prezioak finkatzeko askatasuna dutelako

Beste abonatuen zenbakiei buruzko informazioa eskatzeko diren 118 zenbakiz hasten diren telefonoek tarifa bereziak aplikatzen dituzte. Mugikor batetik egindako bi minutuko dei batengatik 11,80 euro arte kobra dezakete. Horrela jasota dago, Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioaren mendeko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusiak 2016ko abenduan eguneratu duen “El Plan Nacional de Numeración – Guía práctica de usuario” izeneko agirian.

Kontsumobidek kontsumitzaileei eta erabiltzaileei ohartarazten die zenbaki horietara —bost digituz osatuak (118XX)— hots egiteak telefono-faktura asko igo dezakeela. Izan ere, Kontsumoko Euskal Institutuak hainbat erreklamazio bideratu ditu, ezusteko fakturak igorri dizkietelako. Kasuren batean 55 eurotik gorako —BEZ barne— fakturak izan dira zortzi minutu eskaseko komunikazio batengatik.

Indarrean dagoen araudiak enpresei kontsulta horrengatik —direktorioko zerbitzua ere deitzen da— nahi duten prezioa jartzeko aukera ematen die. Halaber, posta elektronikoko helbideei buruzko datuak eta domeinuko izenei edo dei-amaierari buruzko datuak bezalako beste zerbitzu batzuk ere eskaini ditzakete. Azken zerbitzu horren bitartez, bezeroak eskatutako telefonora zuzenean deitzeko aukera ematen dio hornitzaileari, bezero horrek telefonoa eskegi eta berriro markatu beharrik gabe. Kasu horietan, ordea, konpainiak 118XX zenbakiaren tarifa berezi propioa aplikatzen jarraitu ahal izango du, bezeroak zuzenean deituz gero honek ordaindu beharko lukeen tarifaren ordez. Hortaz, norbaitek bere udalerriko telefono bat eskatzen badu eta dei hori operadoreak egitea onartzen badu, dei hori 118XX zenbakiarekin hitz egiten jarraituko balu bezala ordainduko du; ez zaio dei lokaletarako kontratatuta duen tarifa aplikatuko.

Erregulazioaren arabera, zerbitzu honen hornitzaileek hainbat betekizun dituzte. Norbaitek zenbaki hauetakoren batera hots egiten duenean, lehendabizi, enpresaren izenari eta deiaren prezioari buruzko zortzi segundoko mezu bat entzun behar du. Ondoren, hiru segundoko tarte bat egongo da, erabiltzaileak telefonoa eseki edo deiarekin aurrera jarraitzen duen —kontsulta egiteko— erabaki dezan. Lehen hamaika segundo horiek prezio baxuagoan fakturatuko dira, deiaren inguruko informazioa baino ez delako ematen.

Konpainiak, zuzenean eskatutako telefonoarekin konektatzeko, deia amaitzea eskaintzen badu eta bezeroak onartzen badu, bezero horri, lokuzio berri baten bitartez, jakinarazi beharko zaio dei horrek 118XX zenbakira deitzeak duen prezio bera izango duela.

Prezioak jartzeko dagoen askatasunaren ondorioz, aukeratutako hornitzailearen arabera, prezioen arteko diferentzia handia izan daiteke. “Guía práctica de usuario” izeneko agirian biltzen dira sektoreko enpresek aplikatutako tarifak, konexioa finko edo mugikor batetik egiten den kontuan hartuta.

Halaber, telefono bidezko kontsulta-zerbitzu hauek eskaintzen dituzten konpainien zerrenda Merkatuen eta Konpetentziaren Batzorde Nazionaleko (CNMC) Telekomunikazioen Zenbaketa Erregistroan kontsulta daiteke.