Hemen zaude

2019tik aurrera, esnea nondik datorren ere jakingo dugu; amaitu da misterioa

Asteazkena, Otsaila 13, 2019

Ba al dakizu nondik datorren erosten duzun esnea? Eta igurzten duzun gurina? Etiketari begiratzeko ohitura baldin baduzu  (puxtarri txiki bat zurentzat), konturatuta egongo zara esne eta esnekietan ez dela beti erraza izaten nondik datozen jakitea.

Joan den irailaren amaieran 1191/2018 Dekretua onartu zen, irailaren 21ekoa. Bada, haren arabera, derrigorra da produktu horien jatorria ere zehaztea etiketetan. Orain arte, nahi zuenak jartzen zuen; baina 2019ko urtarriletik aurrera, derrigorrezkoa izango da.

Elikagai hauetan guztietan derrigorra izango da esnearen jatorria zehaztea: esne eta esne-gain kontzentratua eta kontzentratu gabea; gurin-gazura, esne eta esne-gain gatzatuak, jogurta, kefirra eta gainerako esne edo esne-gain hartzituak edo azidotuak; esne-gazura eta esnearen osagai naturalez eginiko produktuak; gurina eta esnearen gainerako gurinkiak; igurzteko esneki-pastak, gaztak eta gaztanbera. Osagaien artean esnea daukaten produktuetan ere azaldu beharko da jatorria, baldin eta produktuaren % 50 baino gehiago bada esnea.

Nork ez du jakin nahi zer kontsumitzen duen eta nondik datorren? Inor gutxik esango du berak ezetz. Dekretu hori saiakera bat izan arren, bi urterako baita, alferrik ez da izango, informazio horri esker kontsumitzailearentzat errazagoa izango baita zer erosi aukeratzeko eskubidea erabiltzea.

Zer jarri beharko du?


Esnearen eta esnekien etiketetan derrigorra izango da gauza hauek zehaztea:

  • Zer herrialdetan jetzi den: (esnea non jetzi den).”
  • Zer herrialdetan eraldatu den: (esnea zer herrialdetan eraldatu den)”.
  • Herrialde berean jetzi eta eraldatu bada esnea, beste era batera jar daiteke: “Esnearen jatorria: (esnea non jetzi eta eraldatu den)”.
  • Non jetzi eta eraldatu den adierazteko, ingurune geografiko hauetakoren bat erabiliko da:
  • Erkidegoko estatua(k) edo beste bat(zuk): edo
  • “EB” edo “EBtik kanpo” edo “EB eta EBtik kanpo”; edo
  • “Espainia”, baldin eta Espainian soilik bada jetzi edo eraldatu; halakoetan, ezingo da Espainiaren ordez “EB” jarri.

Adi! Urtarrila amaieratik aurrera ere agian aurkituko duzu baldintza berri horiek betetzen ez dituen produkturen bat. Izan ere, dendek ez dute eragozpenik dekretua indarrean sartu baino lehenago fabrikaturiko produktuak saltzeko, harik eta saltzeke dauzkaten guztiak amaitu arte.