Hemen zaude

Kaltegarri gerta zitezkeen 80 produktuko 20.000 aletik gora kendu zuen merkatutik iaz Osasun eta Kontsumo Sailak

Asteazkena, Apirila 11, 2012

Guztira, 6.303 ikuskaritza-ekintza burutu zituen 2011 urtean zehar, Kontsumobidek eskeinitako datuen arabera

Oro har, 2011 urtean, 6.303 ikuskapen-jarduera egin dira, 4.077, erreklamazioengatik; 1.018 ikuskapen-kanpainengatik, 1.034 alerta-sareengatik, eta 174, beste jarduera batzuengatik. Jasotako 2.619 alertetatik, alertan jarritako 80 produktu lokalizatu dira, eta 20.173 ale erretiratu dira merkatutik.

Hauek dira 2011ko ekitaldian egin diren ikuskapen-kanpaina nabarmenenak, eta haietatik ateratako ondorioak, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak ezagutzera eman duenez:

1.- Publikoarentzako salmenta-prezioei (PSP), merkataritza-ordutegiei eta erreklamazio-orriei buruzko kanpaina:

Establezimenduen % 89,7k produktuen prezio guztiak erakusten ditu erakusleihoan, eta % 98,4k, barnean ere bai. Establezimenduen % 96k behar bezala ageri du zer merkataritza-ordutegi duen, eta % 97,3k erreklamazio-orriak badituztela iragartzen duen kartelik jartzen du, edota eskura dauka, ikuskapena egin zaien unean.

2.- Belzteko zentroetan nahitaez izan behar duten informazioa kontrolatzeko kanpaina:

Belzteko aparatuak erabiltzen dituzten langileek bazuten, oro har, ziurtagiri egokia, eta EE markarekin bat datozen edo ez datozen ziurtatzeko etiketa ere bazuten.

Ikusgai izan behar dituzten informazio-karteletan ez-betetze batzuk atzeman dira; beste zenbait kasutan, azalaren fototipoei buruzko taulak ez dituztela ikusi da, edo esposizio-denborarik ez dela ageri, bezeroen fitxetan ere datuak betetzeke zeudela, zentroek egiten duten publizitatean ere atzeman dira ez-betetzeak, prezioak ere ez dituzte ageri zenbaitetan eta erreklamazio-orriak dituztela dioen informaziorik ere ez beste batzuek, edo zenbaitek, eduki ere ez zituzten.

3.- Ikuspen handiko txaleko islatzaileak kontrolatzeko kanpaina:

Ikuskatutako txaleko guztiek zuten EE marka eta PSPa; betetzen zituzten diseinu-baldintzak eta badute liburuxka. % 94k bazuen nahitaezko informazioa eduki behar duen etiketa; % 83,3k jasotzen ditu identifikazio-datuak eta helbidea, fabrikatzailearen informazio-liburuxkan; % 93,3k nola erabili, mantendu, gorde eta garbitu behar den zuzen azaltzen du; % 44,4k UNE arauekin bat datozela egiaztatzeko informazio zuzena ematen du; % 80k ageri du UNE arauaren zenbakiari eta urteari buruzko informazioa, bai eta txaleko-ehunaren osaerari buruzkoa ere, eta % 26,7k bandetan fabrikatzailearen izena ageri du ikusteko, irakurtzeko eta ezin ken daitekeen moduan.

4.- Zerbitzu-emaileek beren identifikazio- eta harreman-datuak zerbitzu hartzaileei emateko betebeharra betetzen duten kontrolatzeko kanpaina estatala:

Guztiek ematen die kontsumitzaileei aurretiko informazioa, ageri dute erreklamazio-orriak badituztela, eta eduki ere benetan badituzte.

5.- Txikizkako merkataritzaren titularrek ontziratutako produktuetan kontsumitzaileari ematen zaion informazioaren funtsezko eta oinarrizko alderdiak kontrolatzeko kanpaina:

Protokolo-item-en % 85,7 egokiak dira.

6.- Bitamina eta mineraldun esnearen laginak hartzeko kanpaina:

Egindako saiakuntzen % 100ek betetzen du araua.

7.- Haurren jantzien (14 urte bitarte) laginak hartzeko kanpaina:

Jantzien segurtasunari, osaeraren adierazpenari eta arduradunaren helbideari buruzko ez betetze gutxi batzuk izan dira.

8.- Jostailuen etiketak eta segurtasuna kontrolatzeko kanpaina:

Laborategira bidalitako 24 laginetatik 15en emaitzak ditugu; bat, alerta-sarean jarriko da (imanak dituen igeltsuzko moldeak). 2 komunikazio egin dira.

Jostailuen 48 protokolo egin dira, 880/1990 Errege Dekretuaren arabera, eta 6 protokolo, 1205/2011 Errege Dekretuaren arabera. Ia jostailu guztiek betetzen dituzten etiketa-betekizunak.